Albisteak

Ceferino Peña gogoan izango dute igandean Arroabean

Igande honetan, maiatzak 15, Ceferino Peña Zubia zena izango da gogoan Arroabean eta auzo horretako “Oroimenaren Txokoan” oroitarria jarriko da. Ekitaldia Narrondoko bizilagunek, Ezkaizto elkarteak eta Zestoako Udalak antolatu dute.
Ceferino Peña 1980ko maiatzaren 16an hil zuen ETAm-k Arroan. 30 urte zituen eta Arroako karrozeria-tailer baten jabea zen, Narrondon. Emaztea eta alaba zituen. Gerora, ETAk “hutsegitea” izan zela adierazi zuen, helburuz nahasi zela.
Ekitaldia 11:45ean hasiko da, meza berezi batekin. Ondoren, txalaparta soinuz, eliza ataritik plazara joango da jendea ekitaldiari hasiera ematera. Hortik aurrera, adierazpenen tartea izango da eta musikak eta olerkiak ere izango du bere tartea. Unerik hunkigarriena Ceferino Peñaren familiak oroitarria bistaratuko duen momentua eta lore eskaintza izango dira.
“Eta zergatik, Ceferino hil eta 36 urte geroago, jartzen da oroitarria? Umetako eta eskola garaiko lagun batek, bat-batean, bilera baten amaieran, esan zuen: “Horrekin ere badugu zorra”. Eta, horrela, lozorroan dagoen zerbait balitz bezala, aipamen hura izan zen Ceferinoren oroimenezko lehen harria jartzea bezalaxe. Handik aurrera, Arroabeko Ezkaizto elkarteak, Narrondoko bizilagunek eta Zestoako Udalak lanari ekin zioten” adierazi dute antolatzaileek.
“Arroabeko Memoriaren Txokoak Ceferino Peñaren oroitarria izango du hemendik aurrera, bere lagun Jose Mari Kortaren eta gerra ondoren behartutakoa lanean ibilitakoen oroigarrien ondoan”, azpimarratu nahi izan dute.
Antolatzaileen helburua “ekitaldi alai, itxaropentsu eta aldi berean hunkigarri bat egitea da, eta batez ere, baikorra Korta eta Peña ziren bezalakoa. Arroatik zabaldu nahi den mezua edo gonbitea honakoa da, bakea eta konponbiderako bidea denon artean egitea. Hori da gure omenaldi handiena”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide