Albisteak

Covid-19aren aurkako txertoa iritsi da Gisasola eta San Juan egoitzetara

Iritsi dira SARS-CoV-2 birusaren lehen txertoak Gisasola eta San Juan egoitzetara. Goizeko 09:00ak inguruan hasi dute txertaketa Gisasola egoitzan eta duela minutu gutxi amaitu dute. Orain, San Juan egoitzakoekin hasiko dira. Langile eta erabiltzaileek gaur hartuko dute txertoaren lehen dosia eta hiru aste barru, bigarrena. Bi egoitzetako zuzendariak “oso gustura” daudela azaldu dute eta hilabete gogor batzuen ondoren “argi izpi” bat ikusten dutela.

Gisasola egoitzan txertoa jaso duen langiletako bat izan da Aizpea Manterola eta “dena ondo” joan dela esan du. Hasieran, txertoaren inguruan zalantzak zituztela aitortu du: “Hasieran zalantzak genituen baina egoitzatik informazio pila bat igorri digute eta azkenean, birusari aurre egiteko bide bakarra hau dela uste dugu”.

Txertoak erabilgarri izango zirela jakin zutenetik gaur arteko egunak “luze” egin zaizkiela azaldu du Ione Miren Garciarena Gisasola egoitzako zuzendariak: “Azkenean iritsi da eguna eta oso gustura gaude, guretzat aurrerapauso handi bat da”. Txertaketa zikloa amaitutakoan “arinago” ibiliko direla uste du, neurriak mantenduko diren arren zertxobait lasaiago egongo direla.

Joseba Illarramendi San Juan egoitzako zuzendariak esan du txertoaren inguruko hainbat bilera izan dituztela azken asteotan: “Osakidetzatik esan digute txertoa erabat segurua dela eta itxuraz, azkar sortutako zerbait dela eman arren, segurtasun guztiak bermatzen dituela”. Covid-19ari aurre egiteko txerto honekin “itxaropentsu eta gustura” daudela nabarmendu du Illarramendik. Gaur hilabete iraungo duen prozesua hasi dutela nabarmendu du: “Immunitatea lortzeko prozesua hasi dugu gaur. Orain neurri zorrotzekin jarraituko dugu eta gero, pixkanaka beti ezagutu izan dugun San Juan etxea izatera itzultzeko bideari hasiera emango diogu”.

Gisasola eta San Juanetik bidalitako argazkiak:

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide