COVID ziurtagiriari ez
— 2021-12-13Abenduaren 18an Donostian, maitasunez ziur eta agerian.
Covid ziurtagiria eskatzeko agintzean, bortizkeriaz eta bazterkeriaz jokatzeko esaten digute. Edonoren txertoaren gaineko autua agerian uztera behartzen gaituzte eta zenbaiti gure etxeko, tabernako, jatetxeko, dantzalekuko, ikastolako edo dena delako ateak ixteko esaten, baztertzera gonbidatzen. Guk ordea maitasunez erantzun nahi dugu, ez bai gara nor legez babestua den informaziorik besteei eskatzeko, are eta gutxiago informazio hori agerian uzteko. Guk, ateak ez ezik bihotza ere zabaldu nahi diegu, bazterrean utzi nahi diren horiei, txertoaren aurrean egindako autua egin dutelarik ere. Arrazakeriaz edo homofobiaz baztertua izan den hori bezala, guk anaitasunez, elkartasunez, enpatiaz eta besoak zabal hartzen dugu gure etxean, eta babesten, soilik baztertu nahi izan delako. Anaiak bai gara, lagunak, herrikideak, komunitate berekoak, eta sendabidearen gaineko autua egitea zilegia bai da.
Badakit ez dela batzuen gustuko autua izan, baina euritan aterkirik gabe ibiltzeko autua egin duena bere buruaz fio da saldu diren aterkiez baino, eta errespetua zor diegu.
Ongi bai dakigu besteren eskubide bortxaketa onartzean, edo nik gauzatzean, nire eskubideei uko egiten ari naizela, faxismoari bide emanaz. Sendabidearen gaineko autua GUZTION eskubidea bai da. Beraz, nik isilik bidaiatzeko aginduari solasean erantzuten diodan gisara, eta arakatzaileak kontaktuen izenak galdetzean isildu, Covid ziurtagiria eskatuz bestea baztertzeko agintzen didatenean, nire bihotza zabaltzen diot, txertoari uko egin dion gizaki horri.
Besarkatzen dut, ez bai da besarkada baino distantzia ziurragorik.
Nire iritzian, urteko garai ilun eta goibelenez baliatu dira, egunik laburrenez eta gaurik luzeenez, ilargirik makur eta txikienaz, gizartean izua, ikara eta beldurra zabaltzeko. Gizartea zatitzeko, debekuz eta murrizketez bazterrak josteko. Baina PCR, antigeno, tasa eta kolore larriz jantzitako teloi beltzaren atzetik badator eguzkia. Gaua argituz doan ilargi berria jaio da, eta hazten ari da, gero eta gorago doa, ilgoran gaude. Atzean geldituko dira egunik laburrenak eta gaurik luzeenak, badatoz gabonak, jaioko da argi aldi berri bat, gero eta argi gehiago eginez eguzkia.
Iluntasunean argi izpiei bide egingo diogu, barnean daramagun argitxoa atereaz, bihotzetik bihotzera entzun, aho estalitik aho bizira pasa eta belarri gorretik belarri prest era.
Elkarrenganako bidea laburtuz, argitxoak bat eginez, maitasunari, anaitasunari, elkartasunari , bakeari eta askatasunari bide emanaz.
Gure bihotza sentitu, pentsatu eta ekiteko unea dugu, denok elkarrekin ozen esatekoa: Covid ziurtagiriari EZ ! Arrazakeriari edo homofobiari ez diogun bezala.
Abenduaren 18an, Larunbatez, Donostiako Bulebarretik arratsaldeko 17:00tan hasita kaleak maitasunez blai egingo ditugu, ziurtasunez eta bihotzak agerian. Bat egingo dugu txertatuak eta txertatu gabeak, beltzak eta zuriak, haurrak eta helduak, ezkertiarrak eta eskuindarrak, hangoak eta hemengoak, gizonezkoak eta emakumezkoak. Dugun izanaren gainetik bat egiten dugulako eraiki nahi dugun etorkizunean.
Covid ziurtagiriari EZ ! Pase Naziari EZ ! Diktadura ario honi EZ ! Lepoan hartu ta segi aurrera!
Aitor Unanue
Egin zaitez bazkide