Kaixo lagun!

Komunitatea sortzera goaz Danbolinen, herritarrek eta herriko eragileek bere gogoetak, iritziak… guztiokin elkarbanatzeko espazioa. Herritar guztioi zabaldu nahi dizuegu Danbolinen parte-hartzaile aktibo izateko aukera.

Langile bat daukagu aldizkarirako eta beste bat webgunerako, baina boluntario talde oso baten lanarekin ateratzen da egunero aurrera gure proiektua. Zu ere proiektu horren parte izatean nahi dugu, ordea, eta horretarako aukera polita izan daiteke komunitatean zure txoko bat irekitzea. Denok daukagu zerbait kontatzeko, gogoa gairen bati buruz idazteko edo ateratako argazkiren bat iruzkindu eta zabaltzeko; eta komunitateak norberak bere gunea nahi duen moduan eta maiztasunarekin kudeatzeko aukera ematen du.

Aniztasuna ematen dio danbolin.eus webguneari, ahalik eta herritar gehienen ahotsen bozgorailua izan nahi dugu, eta gogoetak herritarrei nola iritsarazi ez dakienarentzat aukera ederra izan daiteke.

Nork bere iritzia emateko gunea zabaltzea da asmoa, beti ere errespetuz egiten bada. Danbolin ez da komunitatean idazten denaren arduradun egingo, baina ez dugu onartuko jarrera arrazistarik, sexistarik, homofoborik edo edonolako irainik eta burlarik; eta ezegokia iruditzen zaigun sarrera batean esku-hartzeko eskubidea izango dugu.

Komunitateko kide bakoitzak kudeatu ahal izango ditu bere sarreretan egiten diren iruzkinak. Guk guztiak onartzera animatzen zaitugu, nahiz eta kontrako iritziak izan, balizko eztabaida aberastu dezakeelako. Baina egilearena izango da onartzearen edo ez onartzearen azken hitza. Eta iruzkinetan ere komunitateko sarreren inguruan aipaturiko prozedura berdina izango da. Ez da onartuko inolako jarrera ezegokirik.

Geroz eta komunitate zabalagoa izan, orduan eta komunitate aberatsagoa izango dugu. Partaide izateko, inprimakia bete eta laster izango duzu prest zure txokoa gure komunitatean.

Animatu eta parte hartu!