Dantzarako edo lotarako lekuak adierazten zuen bakoitzaren maila soziala
— 2017-12-19DANTZAN.EUSen argitaratu nuen artikulua
Bainuetxera sarrera debekatua genuen” dio Inazio Alberdik (1930), Zestoako bainuetxeko dantzaldiak gogoan. Herritar xumeak lanera sartzen ziren bainuetxera, baina dantzarako, bezeroak eta señoritoak zuten sarbidea, gainontzekoek ez.
Aire libreko eta hoteletako saloietako dantzaldiak bereiz zitezkeen herrian. Laranjadi plazako dantzaldiak guztiz irekiak izaten ziren eta herritar eta era guztietako kanpotarrak nahasten ziren, oso antzeko dantzaldiak izaten ziren jaietan Laranjadi alboan dagoen Foru plazan egiten zirenak ere. Saloietako dantzaldiak, berriz, mugatuagoak izaten ziren. Klase altuagoarentzako zuzenduak zirela esan daiteke, hoteletako bezeroentzako edota herriko etxe aberatsetako jendearentzako. Horrelako dantzaldiak gehienbat bainuetxekoak izaten ziren.
Maria Jesus Etxaide (1919) bainuetxean aritzen zen lanean, saloian izaten zirela dantzaldiak gogoratzen du eta bezeroak jaten ari zirela beti egoten zela fondoko zuzeneko musika, “Herritarrek bainuetxera sartu ahal izaten genuen baina dotore jantzita”. Maria Angeles Izetak (1936) ere kontatu dit bera ere sartzen zela Bainuetxeko dantzaldietara baina ez zela horren erraza: “Bainuetxeko dantzaldia gauean izaten zen, 23:00-2:00. Mundu osoari ez zieten uzten sartzen. Guk aurpegia geneukan eta batzuetan sartzen ginen. Bestela, etxe onetako herritarrak sartzen ziren, señoritoak”. Enpresarioen, medikuaren, alkatearen… seme-alabak erraz sartzen ziren baina beste herritar gehienentzat sarrera itxita egoten zen. Inazio Alberdik (1930), berriz, bera eta lagunak ez zirela Bainuetxera joaten kontatu dit: “Bainuetxean Zestoako señoritoak bakarrik sartzen ziren. Orkestra egoten zen (gitarra, saxofoia, denetik). Bainuetxera sarrera debekatua genuen, Arozena hotelera errazago sartzen ginen”.
Egin zaitez bazkide