Albisteak

Datorren astelehenean, abuztuak 3, irekiko dute eguneko zentroa

Datorren astelehenean, abuztuaren 3an, irekiko ditu ateak Zestoako eguneko zentroak. Eusko Jaurlaritzak eguneko zentroak ixtea, egoilarrien bisitak mugatzea eta sarrera-irteerak murriztea erabaki zuen pasa den uztailaren 18an. Inguruko herrietan koronabirus kasuek gora egiten zutela ikusita eta birusa egoitzan sartuz gero arriskua “ikaragarria” litzatekela jakinda, Zestoako San Juan egoitzak ateak itxi zituen. Kanpoko bisitarik ez onartzea eta egoilarrien irteerak bertan behera gelditzeko erabakia hartu zuten. 

Pixkanaka, egoerak hobera egin du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak neurriak arintzea erabaki du. Egoiliar bakoitzak bi pertsonen bisita jaso ahal izango du eta Zestoako San Juan egoitzako egoiliarrak, gutxinaka bada era, hasi dira lehen bisitariak jasotzen. Eguneko zentroek, baina, beste aste batez itxita jarraitzea ebatzi du Foru Aldundiak eta, beraz, datorren astelehenean, abuztuak 3, irekiko ditu ateak Zestoako eguneko zentroak. 

Oraindik egiteko bide luzea dagoela adierazi dute San Juan Fundazioko kideek. Elkar zaintzeko ordua da eta pertsona zaurgarrienek guztion esfortzua merezi dutela azpimarratu nahi izan dute.

Argazkia: Zestoako San Juan Fundazioa

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide