Albisteak

Dena prest V. Kobaz Koba Trail lasterketarako

Gaur goizean aurkeztu dute Kobaz Koba Tral lasterketaren V. edizioa udaletxeko areto nagusian. Juanjo Aranburu Araziko zuzendaria, Mikel Arregi Ertxian alkatea eta Mikel Irure Agiro Mendiko klubeko kidea izan dira bertan.

Arazik eta Agiro mendi klubak elkarlanean antolatzen duten lasterketa dela azaldu du Aranburuk eta horretarako udalaren eta boluntarioen ezinbesteko laguntza dutela. Aurtengoan ere parte-hartzaile kopuru handia izango dutela nabarmendu du “550 korrikalaritik gora izango ditugu aurtengoan mendian. Korrikalariak kanpoan utzi behar izan ditugu, mendia ezin delako jendez bete eta korrikalariek eroso egin behar dute korrika”. Guztira, 88 emakumek eman dute izena. Zestoarren parte-hartzea ere azpimarragarria izango dela esan du Aranburuk, 39 herritar hain zuzen ere. Eusal Herriko txoko ezberdinetatik iritsiko dira korrikalariak datorren igandean Zestoara. Baita Avilatik, Errioxatik edota Kanariar Uharteetatik ere. Aranburuk eskerrak eman nahi izan dizkie lasterketa aurrera eramatea posible egiten duten guztiei.

Barefoot kategoria

Aurtengoan ere Barefoot kategoria izango du lasterketak. 11 korrikalarik hartuko dute parte kategoria honetan. Kategoria honetan parte hartzeko onartzen diren oinetako bakarrak, “drop” gabekoak dira, lauak, sandalien parekoak.

Ibilbidean aldaketak

Urtero legez, bi ibilbide izango dira aurtengoan ere: Artzei (15km) eta Zaldei (26km) ibilbideak. Zaldei ibilbidean aldaketa bat izango dela azaldu du Irurek. Zestoa pasa eta gero zuzenean Baltzolatik joan beharrean,  bidegorritik Iraeta aldera joango dira korrikalariak. Auzora iritsi aurretik, trenbideko tunel zaharra baino lehen ezkerrera egin beharko dute eta hortik igoko dira Endoiara. Jaisterakoan, berriz, zuzenean Ekainberrira joango dira. Ibilbidea aldatu dela esan du Irurek baina kilometroak eta desnibela berdinak direla. Bestalde,  ibilbidea zaintzeko eskatu die korrikalariei eta lasterketa egunean bakarrik ibiltzeko ibilbidetik, lur asko pribatuak dira eta.

Zestoako ondarea

Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsuenetako bat dugula adierazi du Mikel Arregi alkateak. “Ekain da koba nagusia baina hortik aparte beste koba asko daude, begiratzea besterik ez dago lasterketa nondik pasatzen den eta uste dugu hori oso garrantzitsua dela”. Bestalde, lasterketaren arrakasta azpimarratu du eta honek, Zestoa Euskal Herriko agendako mapan kokatzea ekarri duela.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide