Desafio baten ondorengo liskarrak Aizarnan

Desafio baten ondorengo liskarrak Aizarnan

Euskaldunok aspaldiko ohitura  dugu, kirolean desafioa egin eta    apustua adostu ondoren dirua jokatzeko:  aizkoran, arraunean, harri jasotzen, idi probetan, ahari jokoan   eta abar. Desafio hauek liskarrak sortzen zituzten eta giro ezkorra sortu ere bai gizartean, baserri edo etxeko ondareak  jokatzeraino iristen baitziren. Agintariek, egoera ikusi eta debekatzeko mehatxatu ere bai askotan, baina arautu edo ez, gaur egunera arte jarraitu  dute.

Atzera asko joan gabe, bailaran  ezagutu izan ditugu honelako apustuak. Baina nire helburua ez da hauek aipatzea, 1783.urtean Aizarnan desafio batek  ekarri zituen ondorenak aipatzea baizik, eta ez dira atzo gertatutakoak.

Desafio honetan bi gizonen  arteko liskarra ikusten da: alde batetik Olaskoaga, Altzolaras burdinolako zaindaria, udaletxean diruzaina izandakoa  eta alkate ohia. Bestea Egaña, Aizarnarako izendatuta zegoen sendagilea eta udaletxerako aukeratutako Diputatua, biak ere gizon ospetsuak herrian.

Lehen liskarra Zestoako Udaletxe azpian hasten da, San Bartolome egunean egin zen  bilera batean. Egañak zegoen tokitik jaiki eta sonbreirua kendu ondoren, Olaskoaga gizon hitzekoa ez zela salatu omen zuen. Egañaren esanetan gizon honek idi dema baterako egin zion desafioa bertan behera utzi omen zuen,  eta gero “esandako guztia ipurdiko zulotik sartzen zuela” oihukatu omen zuen.

Hau dena bilerako partaideen aurrean eta behin baino gehiagotan gainera. Olaskoagak alde egin egin omen zuen bileratik. Irain hauek direla  eta bere izena zikintzeagatik salaketa jarri zuen epaitegian, bera bezain gizon zuzena zela aldarrikatzeko.

Olaskoagak, Juan de Zelayaren idiak erabiltzeko asmoa omen zuen desafioan, baina honek beste  lan bat zela tarteko ez omen zizkion utzi dema horretarako. Hau izan zen arrazoia desafioa bertan behera uzteko, Olaskoagak dioenez.

Badirudi normala zela besteen idiekin desafioak egitea, eta honen kasuan tratua   egin aurretik gainera.

Egañak epailearen aurrean  beste desafio baten berri ere  ematen du bere defentsan, lau urte lehenago ere berdin egin omen ziola esaten dio epaileari. Aizarnako alondegian zeudela eta   jende aurrean, erronka galantak jotzen omen zituen. Bere idiak baino hobeagorik ez zegoela inguruan eta prest zegoela edozeinekin neurtzeko airatzen omen zuen.

Egañak desafioari aurre egiteko Ezkurroa baserrira jo omen zuen, hemengo idiekin  apustua jokatzeko eta adostu ere bai nagusiarekin. Baina Olaskoagak hau jakin zuenean atzera egin omen zuen. Atzera  egiteko eman zuen arrazoia hau izan zen: bere emaztea Ezkurroa baserrikoa zela eta ez zuela nahi famili arteko apusturik.

Baina Olaskoaga  kikiltzen zen gizona ez omen zen eta  handik egun batzuetara Aizarnako taberna batean sartu  omen zen, oso tente gainera; ez da aipatzen zein taberna zen, nagusiaren alabak  Rita izena zuela bakarrik. Honek Egañari ohartarazi omen zion Olaskoaga sestra bila zebilela eta etxera joateko, baina bertan segi omen zuen lagunekin eta   Olaskoagak Egañaren taldeari begiratuta esan omen zuen “gizon txikiak eta esperientzia gabekoak ez zitzaizkiola gustatzen”. Egañak erantzun ere bai, berari berriz gehiago gustatzen zitzaizkiola txikiak eta abileziarekin. Ondoren Egañak bere lagunekin irten egin omen zuen, liskarrik   gertatu ez zedin.

Desafio honetako gertaerak argitzeko beste lekuko batzuen izenak ere azaltzen dira epaitegian: Jose Manuel de Lizaso, Pedro de Aizpuru eta Manuel de Aranburu, adibidez.

Desafio honen gora-beherak epaiketa bat izan zelako daude jasota, baina beste zenbat gertatuko ote  ziren auzoan? Auskalo! Desafio honetan hitzak bakarrik ikusten dira arerioen artean, baina zenbat ote dira eskuetara iritsi zirenak ere. Auskalo!

Dena den, desafio honek  nahiko garbi erakusten du nolako giroa sortzen zuten herrian.  200 urte eta gehiago dira gertatu zela, baina geroztik ere seguru gertatu direla bat baino gehiago.

Izaera hau, euskaldunok gizaldietan zehar barruan eraman dugun  grina txar bat dela esango nuke.

Jose Antonio Azpiazuk idatzitako  Juegos y apuestas en la historia de Heuskal Herria liburutik jasota.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide