Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Zestoako Udalak behin betiko onartu ditu 2026tik aurrera indarrean izango diren zerga- eta tasa-aldaketak, eta horien artean, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan (TMIZ) hobari garrantzitsuak jasotzen dira ingurumenarekiko errespetutsuagoak diren ibilgailuentzat.
Neurri nabarmenena ibilgailu elektrikoentzat ezarritako %95eko hobaria da. Fabrikatik homologatutako motor elektrikoa duten ibilgailuek, baldin eta “0 emisiodun” edo “ECO” gisa sailkatuta badaude, hobaria eskatzeko aukera izango dute. Onartuz gero, hobari horrek bost urtez izango du indarra.
Horrez gain, ibilgailu hibridoek %50eko hobaria izango dute, betiere fabrikatik homologatuta badaude eta “0 emisiodun” edo “ECO” kategorian sartzen badira. Kasu honetan, hobaria hiru urtez aplikatuko da.
Era berean, gas naturalarekin (GNK, GNL), petrolio-gas likidotuarekin (PGL) edo hidrogenoz dabiltzan ibilgailuek ere %50eko hobaria izango dute, baldintza berberak betez eta hiru ekitaldirako.
Udalak jakinarazi du hobari guztiak eskatu egin behar direla, eta ez direla automatikoki aplikatzen. Neurri hauek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera sartuko dira indarrean, eta helburua da ibilgailu jasangarriagoen erabilera sustatzea eta emisio kutsatzaileak murriztea.
Informazio gehiago nahi duten herritarrek Udalera jo edo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ordenantzak kontsultatu ditzakete.