‘Desmadre’ artean, lore politek bere tokia

Urte bat gehiago, atzoko danborrada ere oso abstraktua izan genuen. Geometriaren aztarnarik ere ez: borobil, karratu, lerro zuzen… han ez zegoen horrelakorik, dena formarik gabea zen. Gaztetxeko karroza, berriz, ez zitzaidan gustatu. Indio Joxemari, Gazteen Asanbladaren maskota, Jainko mendekatzailea balitz bezala elizari tximista botatzen… zer esango dizuet ba, errukigabea iruditu zitzaidan. Nire iritziz, askoz originalagoa eta bikainagoa iazkoa, autobus laranja hura. “Hazte oir kanpora! Neskek alua? Mutilek zakila?”.

Gure danborradak baditu hainbat gauza, gehienetan oharkabean pasatzen direnak baina berez oso adi begiratu beharko genituzkeenak. Eta horien artean Gaztetxea dago. Gaztetxearen danborrada beti da oso basatia, oso itxura zatarrekoa, amorfoa, edertasunaren bila dabilenari “atzerakoa” bakarrik ematen diona. Baina Gaztetxearen danborradak badu, zorionez, beste alderdi bat niri beti kuriositatea piztu izan didana; esate baterako, urtero zain egoten naiz zer gai aukeratuko ote duten karrozarako. Egia esan behar badut, batzuetan, errazkeriatan erori izan dira, eta beste batzuetan –okerragoa dena– ideia politiko jakin baten aldarrikapen usatuen bozgorailu lanak egiten, baina gehienetan ideia politak jorratu izan dira.

Gaztetxeari aitortu behar zaio, beste inori baino askoz gehiago, generoarekin zerikusia daukaten eztabaidak kaleratzea danborradan eta, uste dut, horretan lan fina egiten dutela, nahiz eta –akaso?– beraiek ez diren konturatu ere egiten. Iaz, autobus laranjaren bidez, transexualitatearen gaia kaleratzea oso gauza polita eta beharrezkoa iruditu zitzaidan. Eta bandera-eramaileen kontua ere ederra da. Ez dut gogoan beti horrela izan den (ez dut uste) eta, hala ez bada, noizko kontua ote den, baina mutil banderadunak neska-jantzian ateratzea oso keinu ausarta eta aurrerakoia iruditu zait beti. Lan isil horri esker, Zestoan beste herri askotan baino errazagoa da, seguruenik, gizarteak markatzen dituen etiketa estuetatik irtetea eta norbere identitatea jendaurrean harrotasunez adieraztea. Eta hori gauza handia da, bai horixe.

Lehen esan dudan moduan, agian, beraiek ere ez dira kontziente ni hemen egiten ari naizen irakurketa hau egin litekeenik, baina nik, “desmadre” horren guztiaren artean, halako loretxo bitxi eta polit bat ikusten dut eta “aztarka” honetan irakurleekin partekatu nahi nuen. Ideia horien sorreran (mutilak neska jantzian, karroza trans…) pertsona edo kuadrilla jakin batzuk baldin badaude, nire txalo beroena eman nahi nieke eta, bestela, “autore” jakinik gabeko ideiak badira, jaso dezatela nire txalo orokorra. Ideia horiei esker, Zestoa askoz ederragoa da bertan bizitzeko.

Orain, nik hemen, nire buruari egiten diodan hausnarketa zera da: agian, “desmadretasun” horrek sortzen du giroa, gero horrelako ideia interesgarriak sortzeko Gaztetxe barruan; agian, Ipintza –bat apartatzekotan– bezain zuzenak eta eredugarriak balira, ez lukete nahiko arnas edukiko horrelako ideiak sortu eta garatzeko? Auskalo! Nork daki!

Atzoko –betiko– aldrebeskeria deforme horretatik, horixe nabarmenduko nuke: harri artean loratzen diren haitz-krabelinen antzera, danborradan loratzen diren ideia ausarta fresko eta aurrerakoi horiexek. Gizarteak markatzen dituen bide estuetatik ateratzen diren ideia horiexek. Identitate kontuak aipatu ditugu hemen, baina aipatzekoa da, baita ere, zein goiz hasi ziren danborradan parte hartzen emakumeak eta beste makina bat aldarrikapen. “Desmadre” horren guztiaren artean, loretxo politek ere bere tokia bilatzen dute. Bejondeiela jendearen aldetik mespretxua edota indiferentzia besterik jaso ez arren, ideia aurrerakoien alde beren ekarpena egiten duten gazte horiei. Badago etorkizuna, nahiz eta estetikoki zatar samarra izan. Animo!

Argazkia: Janardana Iglesias, Gaztetxearen karrozari azken ukituak ematen. 2017ko Santakutzetako danborrada.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide