Dolarea eta Don Karlos apaiz errukitsua

Aurreko batean, etxe jiran nenbilela, dolare txiki baten egurrezko aska ikusi nuen bazterrean botata. Aita han inguruan zen, eta esan nion: “Dolare hau, garai batean, Don Karlosena izango zen”. Don Karlos ez zen gure etxean Borboikoa, karlisten erregegaia, Don Karlos Ubiria apaiza baizik (1863-). Zelaiakoa etxean, postetxearen ondoan, bizi zen Don Karlos, eta etxe hura gure birraitonaren arrebarena zen.

Saezmierak, bere “Zestoari gorazarre” liburuan aipatzen du apaiz hura eta interesgarria da oso aipamentxo bat egitea, eta gero azalduko dizuet zergatik. Apaizaren baratzea, marrubiz, sagarrez, txermenez, aranez beteta zegoen. Saezmierak eta beste mutikoek herriko baratze guztien txoko ezkutuak ezagutzen zituzten. Eta arratsalde batean, Don Karlos parrokian arrosarioa errezatzen ari zen bitartean, apaizaren aranak harrapatzera joatea bururatu zitzaien. Baratzera “salto egiteko momentuan, hankak dardarka genituen une berean, miradoreko argia piztu zen. Leiho ertzetik Don Karlosen irribarre dohatsuak baratzeko gertaera ikusi zuen”. Gaizki kalkulatu zuten, nonbait; arrosarioa uste baino lehengo amaitu zen.

Handik egun batzuetara, aitortza egitera joan behar eta lotsati, mutila. Eta norengana eta Don Karlosena. Halakoetan ohitura zen bezala “Ave María Purísima” esanez agurtu konfesorea eta ziztu bizian kontatu omen zizkion Saezmierak bere “bekatuak”. Don Karlosek eztarria garbitu, ezpainak busti, bere behatzak mutikoaren aurpegian jarri, astindutxo zerutiar bat eman eta galdetu omen zion: “Besterik ez, semetxo?”. Ezezkoa, Saezmierak. Eta apaizak: “Ez al diozu amari txanponen bat ostu? Edo agian zertxobait lagunen bati?”. Ezezkoa berriro, mutikoak. Eta, azkenean, apaizak: “Baratzeak, garai honetan, zer moduz daude?”. Dardarka hasi omen zen mutikoa. Baita apaiza konturatu ere. Bero-bero eginda zeukan aurpegia laztandu, eta aholkutxo ezti batzuk eman omen zizkion, eta azkenik absoluzioa.

Gure etxeko bazter batean zakar artean egurrezko dolare-aska hura ikusi nuenean, berehala etorri zitzaidan burura Saezmieraren pasarte hori, eta zein ondo eta kristau errukiz jokatu zuen gure Don Karlosek. Izan ere –eta hona iritsi nau nuen gaurko Aztarka honetan– apaiza bera ere pasatakoa izango baitzen mutil koskorretan trantze horietatik (baratzetako frutak lapurtzetik, alegia), eta, mutil koskorretan ez ezik, baita apaiz errespetagarria zen garaietan ere. Eta argitu dezadan behingoz auzia.

Nik gure etxeko bazter batean zakar artean ikusi nuen egurrezko dolare-aska huraxe izango zen, seguruenik, Don Karlos apaizari lotsa eta korapilo ederra sortuko ziona. 1901. urtean gaude. Saezmiera jaio baino dozena bat urte lehenago. Garai hartako udal zergen araudiak esaten zuenez, kanpotik erositako produktu guztiak alondegitik pasa behar izaten ziren eta zerga ordaindu. Ez zuten denek, ordea, zintzo-zintzo betetzen agindu hura eta horren lekuko dira udal artxiboan gordeta dauden dozenaka salaketa. Orduan ere, oraintxe bezala, gehien zeukatenak izaten ziren okerrenak zergak ordaintzerakoan eta ez da harritzekoa hainbat hotel, handiki eta listo-jende salaketa horien artean izatea.

Ba, gure Don Karlos, ia 40 urteko apaiza, ardoa egiten harrapatu zuten, inolako baimenik eta zergarik ordaindu gabe (gure etxeko egurrezko dolare-askan, seguru asko). Don Karlosen etxera bidean, mahatsez betetako gurdia ikusi du Migel Bidaurreta mikelete-kaboak. Joan da mikeletea Don Karlosen etxera eta ea mahats haiekin ardorik egin al duen galdetu dio apaizari. Apaizak ezin ba gezurrik esan eta baiezkoa erantzun dio, urte hartan (1901az ari gara) 500 litro egin dituela. Gainera, 1890ean, 92an eta 98an ere egin zuela ardoa, 100, 300 eta 400 litro, hurrenez hurren. Baina ardo horiek eliz-ospakizunetarako eta eskaintzatarako erabili izan zituela bakarrik. Orduan ere oraintxe bezala nahi, alegia, gaur egun erlijio-erabilerarako etxeek zergarik ordaintzen ez duten bezala, kasu hartan ere salbuetsita nahi apaizak.

Azkenean, Probintziako Batzordearen esku utzi zuten auzia eta hauxe erabakia: “Kontuan hartuta, Don Karlos Ubiria jaunak aitortu egin duela salatutako lege-haustea; ardoa dagokion zergarik ordaindu gabe egitearen arrazoia 13. artikuluak ezartzen duenarekiko ezjakintasuna izan dela; eta aitortza naturaltasun osoz egin duela; batzorde honek bertan behera uzten du salaketa”.

Saezmierak dioen bezala, “dardarka hasi nintzen. Bera [Don Karlos apaiza] konturatu egin zen. Bero-bero neukan aurpegia laztanduz, azken aholkuak ematen hasi zitzaidan:

“–Bekatuak eta bekatuak daude. Zoritxarrez, umeek ere izugarrizko bekatuak egiten dituzte. Baina gaztetxo batek sagarrak, txermenak edo aranak lapurtzeak ez du garrantzi handirik, baldin eta ekintza horiek ume jolas bezala edo, besterik gabe, abentura huts bezala hartzen badira. Seguru asko, Jainkoak fruituak umeentzat eta txiroentzat egingo zituen eta ez litzateke batere harritzekoa izango Jesus haurrak berak ere, Nazaretheko baratzeren batera isilka-misilka sartu izana. Nahiz eta apaizaren aranak umeen eskuartean ezkutatu, zoaz Jainkoarekin, nik barkamena eta absoluzioa ematen dizkizut”.

Saezmierari bezala, “aurpegia gorri-gorri eta espirituz alai” geratuko zen gure Don Karlos ere Probintziak barkamena eta absoluzioa eman zionean. Eta “nahiz eta mundu honetatik joan zela urte asko izan, ume ausartenek beren garaiko abenturetan adoretsu lapurtutako fruituen dastatzea barkatzen jarraituko du zerutik”.

Argazkia: Zestoako Zuazo tailerrak egiten zituen dolareetako bat, gure apaizarena baina mende laurden bat modernoagoa, jakina!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide