144. Duela hiru hamarkadako bainuetxea

Gaur, Manuel Hidalgok idatzitako liburutxo eder bat aipatuko dut hemen. Del balneario al monasterio du izenburua. Manuel Hidalgo (1953) kazetari eta idazle nafarra da eta hainbat komunikabidetan egin du lan. Aspaldiko batean Aztarna honetan aipatu genuen “Baroja & Yo” izeneko bilduman argitaratu du bere lantxoa. Bilduma horretako azalak Pio Barojarekin zerikusia daukaten herrietan ateratakoak dira, eta hona ekarri dugun honetan Lili jauregia ageri zaigu. Azalaz aparte, orriak markatzeko txartela ere badakarte irudi berdinarekin.

Normala denez, liburutxoan Baroja aipatzen du Hidalgok batez ere, baina tartean Zestoako bainuetxeari buruzko aipamen oso eder bat egiten du, eta horregatik ekarri dut hona. Duela hogeita hamarren bat urte gure herriarekiko kezka pixka bat genuenok arreta handiz jarraitu genuen gure bainuetxe ospetsuaren etorkizuna. Zutik geratzen zen bakarra zen Gipuzkoan baina 1983ko uholdeez geroztik hil edo bizi egoen hura dena. Rafael Modrego, Igeldoko kanpineko eta gero Hotel San Sebastian-eko buru izan zena, ekarri zuten Zestoara bainuetxea salbatzera, eta gauza asko pikutara bidali behar izan bazituen ere –zer pena eman zidan Hotel Entrada eta Alameda erortzen ikusteak!– lortu zuen aurrera egitea. Udalean, Zestoa Villa Termal proiektua egiten genbiltzala (bai, herritar askoren partetik barreak eta burla ugari jaso zituen proiektu huraxe baina fede onez eta herria maitatuz egin genuen “amets” huraxe bai; “Zestoa Villa Terminal” deitzen zioten eszeptikoek); bada, proiektu hura egiten genbiltzala, Rafael Modregok bainuetxeko Alamedan Ostalaritza Eskola bat egitea proposatu zuen. Ez zen ideia txarra, aurreratuegia agian. Portzierto, duela pare bat urte hil zen Modrego, Zestoako herriak omenaldi handirik egin gabe eta honela jarri zuen eskelan familiak: “Rafael Modrego Ubau se fue a pescar el 26 de enero de 2017”. Gero, Matxado handiaren honako poesia zatia: Arratseko bideak amesten noa. Kantuan noa, bidean zehar bidaiari (“Yo voy soñando caminos de la tarde… Yo voy cantando, viajero a lo largo del sendero…).

Bueno, bada 90eko hasiera beltz haietan iritsi zen Zestoara Manuel Hidalgo kazetaria ere, eta ondorengo hauxe kontatzen digu liburuan. Euskaratzean, galdu du pixka bat testuak bere edertasuna baina barkatuko al didazu, irakurle. Jatorrizko hizkuntzan irakurri nahi duenak –nik neuk hala gomendatuko nizueke– erraz eta merke aurkituko duzue liburu-dendatan. Esan bezala, Manuel Hidalgo, Del balneario al monasterio. Ipso ediciones, 2018ko iraila. Tira ba, has gaitezen.

* * *

Umea nintzela Iruñean, gure amona Isabelek eta osaba Gregoriok –bizitza guztian hain arduratsu osasunarekin– egun batzuetarako Zestoara joateko ohitura zuten, uda oro, ‘urak hartzera’. Nik ez neukan aztarnarik ere zer ote zen ‘urak hartze’ hura, eta galdetu banien eta azaldu bazidaten ez nuen gauza garbirik atera une hartan. Hori bai, gogoan geratu zitzaidan.

Urte dezente geroago, 90eko hamarkada hasieran, jada Madrilen bizi nintzelarik, erakarri egiten ninduten bainuetxeek. (…) Eta gauza bat eta bestea, eta Zestoako bainuetxea aukeratu nuen uda dezentetan, amonaren eta osabaren ibilerak gogoratuz, Pio Baroja herri hartan ibili zela kontuan hartuta eta jakinda errepidez hogei minutura neuzkala Zarautz eta Getaria, zeinetan hainbeste aldiz disfrutatu nuen itsasoaz –eta lagun koadrilaz– nire haurtzaroan eta adoleszentzian; izan ere, gurasoek hara eraman baininduten medikuek gomendatuta, ea itsasoko iodoak sendatzen zizkidan urtean hainbat aldiz harrapatu ohi nituen anginak eta sukarrak. Amak itsaso ertz-ertzean jartzen ninduen eta esaten zidan: ‘ireki ondo ahoa eta hartu arnasa sakon!’. Tira, seme bakarra izatearen abantailak.

Duela hogei urte baino gehiago, bainuetxeek ez zuten gaur egun duten fama bainu, txorro, masaje, buztin eta hain modako zerbitzu-emaile gisa. Spa! Alderantziz, batzuk krisi larrian, biziraun ezinik zebiltzan, instalazio galantak huts-hutsik zituztela eta, bezerorik gabe, ixteko zorian, Imsersorekin hitzarmenak eginaz eta jubilatu taldeak ekarriz, prezio baxuetan bazen ere, itxieratik salbatu ahal izateko.

Zestoako Hotel Nagusiko gelak, uholde pasa berriek hondatuak, atsegingarriak ziren eta zabalak, baina zahartuta zeuden, geroago egin ziren berritze eta modernizatze faltan, eta bertako egur zaharrei bezala beste garai bateko usaina zerien, baina ez zitzaidan inporta baizik-eta atsegingarri zitzaidan, inporta ez zitzaidan bezala han senar-emazte edadetuak aurkitzea, edota gizon-emakume adinekoak bakardadean ikustea bere seme edo alabarekin –gure amona eta osaba bezala–, edo funtzionario itxurako andereñoren bat irakurketa eta azelga egosiaren aldeko jarrerarekin, edo, baita ere, bikote gazteren bat haurrarekin, leku hori, titiko haur batekin oporrak pasatzeko, segurutzat eta halabeharrekotzat jo zuena.

Ni ere joan nintzen Beatriz eta Danielekin, biak haurrak, eta oroitzapen kezkagarriekin batera baditut beste batzuk oso onak, frontoian pilotan ibiltzeaz, baita ping-pongean edo futbolinean ibiltzeaz ere egongelan, klimatizatutako igerileku txikian bainua hartzeaz, eta festa batean dantza egiteaz tontoarena eginaz ere bai, non eta Hotel Nagusiko antzokian, gela berezia jangela erraldoia bezala, edo jangela arabiarra edo Inperio estiloko alfonbradun eskailera ederra bezala. Eta datorkit burura teniseko pista bat erabilpenik gabekoa, esango nuke zementuzko lur pitzatu batekin, belarra hazita nonahi eta nik –oinarri handirik gabe– Blow-Up-en ikusten den parkearekin konparatu nuena, zeinetan bi mimo gaztek partida jolasten duten erraketarik eta pilotarik gabe. Ez ote da horixe bizitza, tenis partida bat erraketarik eta pilotarik gabe? Batzuetan bai.

 

Oharra: Blow-Up Michelangelo Antonionik 1966an zuzendutako filma da. Hidalgok aipatu duen zatia ikusteko sakatu hemen

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide