EAJ-PNVk argitaratu duen azken idatziari erantzunez

Politikan oposizioak gobernuari kritika egitea zilegi ez ezik osasuntsua ere izanik, gutxienez kritika politiko horrek oinarri sendoak izan beharko lituzke. Hau diogu, gure ustez EAJ-PNVren azken idatziak gaiaren muinari ihes egitearekin batera, bertan esandakoak ez dituelako arrazoitzen eta ezta zuzen esaten ere.

Azken hamarkadetan gure gizartean aldaketa nabarmenak izan ditugu eta Ehbilduren ustez erakunde publikoen jarduera gizartearen aldaketa horietara egokitu behar da. Euskal gizartean betidanik pertsonen hileta eta agurrak erlijio jakin baten araberakoak izan dira. Gure gizartea ordea, gizarte anitzagoa da, eta zorionez erlijio sinesmen ezberdinetako herritarrekin batera sinesmen zibil eta laikoa duten gero eta herritar gehiago bizi dira gure herrian ere.

Gauzak horrela, gure ustez baliabide publikoen erabilerak ezin du diskriminatzailea izan eta elizak ezin ditu baldintzatu. Bestalde, azken hogei urteetan gorpuen errausteak lur emateen parera iritsi dira eta hautu bat edo bestea egitean sortzen den desoreka ekonomikoa ikuspegi publiko batetik onartezina da. Kontu honen inguruan, dirudienez, EAJ-PNVk lur emateen inguruan herri askotan egin diren aldaketen inguruan informatzeko lanik ere ez du hartu, bestela nekez uler bai daiteke beste herriekiko egiten duen aipamena.

Benetan harrigarriena pribatizazioari buruz egiten duen aipamen soila da, inolako argumentu eta arrazoitze ahaleginik egin gabe zapla besterik gabe nahastu bazterrak! Non eta hain sentibera den gai baten inguruan eta denok dakigunean herri txiki batean zeinen erraz zabaltzen diren gezur eta egia erdiak. Zestoak ezaugarri ezberdinetako hiru hilerri ditu, gurea baino herri askoz handiagoek bakarra dutenean. Halere, hilerrietako araudirik ez daukagu, gure tamainako beste herriek aspaldi egina dutenean. Ondorioz, zerbitzuaren kudeaketa doitu eta XXI. mendera egokitu beharra dago, besteak beste, sinesmen edo hautu ezberdina egiteagatik inor baztertuta sentitu ez dadin.

Bide batez, esan dezagun Zestoako orain arteko eredua pagotxa izan dela bizi aseguru etxeentzat, hainbat zerbitzurengatik euro bakar bat ere ordaindu beharrik izan ez dutelako. Hau da, lehenik eta behin, beste gauza askori bezala azken urteetan gai honi ere ez zaiola heldu eta kudeaketa erabat zaharkitua gelditu dela zintzotasunez aitor dezagun.

Urteak dira hil eta gero gorpuak etxeetan eduki ordez tanatorioan izaten dituguna, hileta zerbitzuen kudeaketaz ehorztetxeak arduratzen dira eta beraz, nekez uler daiteke EAJ-PNVk pribatizazioaz egiten duen aipamena.

Aurrerantzean hilerriko kudeaketak orain arte bezala udal langileen esku jarraituko du, aldaketa hileta zerbitzuan izango da. Arestian aipatutako aniztasun arrazoiengatik eta bere garaian gure ustez udalak oker hartutako lan hobari diskriminatzaile batzuk ezabatuaz, aukerak zabalduko dira, hileta elizkizunaren ondoreneko lur emateak ehorztetxeen bidez egingo dira, hileta edo agur zibiletarako udalak gune bat jarriko du eta familia intimitatean lurra eman nahi duenak ere horretarako aukera izango du, errauste kasuetan berriz, ez da aldaketarik izango, lehen bezala ehorztetxeen bidez egingo delako.

Antzeko aldaketak denbora behar izaten dute eta ez dira errazak izaten, tarte honetan hil diren herritarren senideekin harremanetan zuzenean jarri izan garen arren, inguruko herrietan ez bezala, Zestoan hileta elizkizunak igandeetan ere egiten direnez, aitortu behar dugu hileta jakinarazpena jasotzerakoan izandako arazo bat medio, lur ematea elizkizuna eta gero egin ordez hurrengo egunean intimitatean egin behar izan zela eta sortutako eragozpenengatik senideei barkamenik sentikorrena eskatzea dagokigu.

Amaitzeko, askotan errazena gauzak dauden bezala uztea izan ohi da baina gu ez ginen udaletxera eserlekuak berotzera etorri. Herritarrak erabakiak hartzeko jarri gaituzte jarri gaituzten tokian eta dena hobetu daitekeen arren, erabakirik onenak hartzen saiatzen gara. Bide batez, esan dezagun, zerga berririk ezarri gabe, egindako aldaketekin udalak urtean 20000 euro inguruko diru aurrezpena izango duela.

Zestoako EAJ-PNVk badaki udala azken zirrikituak lotzen ari dela eta datozen egunetan egokitzapenen berri emanaz agiri ofizial bat argitaratuko dela. Ondorioz, nahi dutena argitaratzeko eskubide guztia daukatela aitortuta ere, gure ustez argitaratu den bezala argitaratu izana ez da bidezkoa izan.

Bide batez, esan dezagun zorionez zuri beltzeko gizartea baino gizarte koloretsuagoa dela gurea eta Zestoako Ehbildutik sinesmen eta iritzi ezberdinen errespetutik kolore anitzeko Zestoa egiten jarraituko dugula, bide horretan egiten eta egingo ditugun akatsetatik ikasten jarraitzeko ilusio eta grinaz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide