Egoera baten aldaketa

ETA erakundeak armagabetzea iragarri zuenetik hamar urte igaro dira 2011ko  urriaren  20an. Egun hura ondo seinalatuta  gelditu  da Euskal Herriko historian eta denok dakigu zer onura ekarri zituen eguneroko bizitzan.

Iragarri honetara iritsi  aurretik, eguneroko bizitzan  tentsio handia sentitzen zen kalean, politikari batzuk bizkartzainak  zituzten,  enpresarien artean urduritasuna   nabaria zen eta ideologi ezberdinen   arteko harremanak  hotzak ziren. Ondoren asko erlaxatu ziren harreman hauek  eta portaerak  guztiz  aldatu ere bai.

Denok dakigu erabaki hau hartu aurretik sukaldaritza asko egin zela, erakunde, alderdi politiko eta  nazioarteko erakundeak barren. Bake bide hau jorratzeko garaian, Euskal Herriko politikari asko busti ziren eta garai horretan Espainian zegoen gobernua ere zer esanik ez. Honelako prozesu batek ez baitzuen botorik lortzen Madrid aldean eta Zapaterok egin zuena txalotzekoa dela  esango nuke.

Euskal Herriko biztanleak  ere  asko lagundu zuen  prozesu horretan, hainbeste urteko bortizkeria bizi ondoren  gero eta kritikoagoa baitzen egoera honekin.

Ez dut gaitasun handirik politika gaiak aztertzeko, baina eguneroko bizitzan sentitutakoa denez,  hauxe nire azterketa xumea, gertaera honen inguruan.

Izen asko aipatu litezke prozesu honetan lan egin dutenen artean, baina bi gizon dira gehien  gailendu direnak,  bata Arnaldo Otegi Elgoibarkoa   eta bestea Jesus Egiguren Aizarnakoa. 

Berauek izan ziren prozesu honen sortzaileak,  ideologi  ezberdinen arteko elkarrizketa zen  eta urte batzuk bazeramatzaten harremanetan, ETAren iragarria lortzeko asmoarekin. Txillarre baserrian ekin zieten  harreman hauei Aizarnatik ere pasatu ziren eta berauen esanetan tentsioak baretzeko garaian  asko lagundu zieten   Txillarreko  nagusia den Pello Rubiok ere. 

Nik Aizarnako   gaiak jorratzen ditudanez eta  politikari honek  prozesu honetan egin dituen   lanak  ikusita,  ezin dut aipamen txiki bat egin gabe utzi  Aizarnara begira dagoen webgune honetan. Ondo dakit buru belarri busti zela prozesu honetan, baita ere   zenbat sufritu duen  helmugara iristeko.  Lagunak ere izango zituen bidean, baina arerioak ere bai seguruenik,  prozesua aurrera irten ez zedin.

Dena den,  bortizkeriaren bitartez helburu politikoak lortzeko garaiak egun horretan  amaitu ziren   eta  hau lortzeko, Aizarnakoak egin zuen lana  ezinbestekoa izan zen. Beraz orain emaitza ikusita gustura sentitzeko arrazoiak ditu Aizarnako politikari honek.

Aizarnako politikari honek errekonozimendu  berezia izango duelakoan nago  Euskal Herriko historian. Egun historiko hau lortzeko ausardia eta ardura berezia izan zuelako alegia  eta ez dut uste kaxoi bazterrean geldituko direnik egun daukagun bakea jorratzeko egin zituen lanak.

Prozesu honetan izan duen ardura ikusita, baditu erakunde, alderdi eta udaletxeen errekonozimenduak ere  eta espero dut  egunen batean bere jaioterrikoarena ere berauen artean izatea. 

Urtemuga honetan hedabide askok  aipatu dituzte Jesus  Egiguren eta  Arnaldo Otegiren lanak. Nik   TV3 telebista Katalanak egindako elkarrizketa aukeratu dut,   eta behean ezarri  dut  honen helbidea, nahi duenak ikus dezan.

 

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide