Albisteak

Eguraldi iragarpena dela eta, herri kirol erakustaldia kiroldegian izango da

‘Udan zer Zestoan’ egitasmoaren baitan, Zestoako Udalak herri kirol erakustaldia antolatu du igande honetarako, abuztuak 16, arratsaldeko 18:00etan. Plazan egitekoa bazen ere, eguraldi iragarpen kaskarra dela eta, ekitaldia kiroldegian izango dela jakinarazi du Udalak. Azken momentuko bi aldaketa ere iragarri dituzte antolatzaileek. Igandeko ikuskizunean, ezin izango dute parte hartu Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrek. Kepa Peñagarikanok ordezkatuko du arazo fisikoak dituen Txapartegi eta Xabier Zaldua aizkolari zumarragarrak hartuko du Otaegiren lekua. 

 

Probak

Lasto-altxaketak, harri-jasotzeak eta aizkorak osatuko dute erakustaldia. Tubi Bustinza Euskal Herriko txapeldunak, hiru lan mota egingo ditu lasto altxatzen. Hodei eta Jakes Iruretagoiena aita-semeek arituko dira harri-jasotzen eta horiek ere 3 saio burutuko dituzte. Amaitzeko Xabier Orbegozo “ArriaV”, Andoni Iruretagoiena “Izeta VI” eta Hodei Iruretagoiena, Xabier Zaldua, Kepa Peñagarikano eta Jakes Iruretagoienaren kontra arituko dira harri-jasotzen, aizkoran, txingan eta korrika. 

 

Higiene eta segurtasuna

Zestoako Udalak adierazi duenez, saio guztian zehar higiene eta segurtasun neurriak aplikatuko dira. Segurtasun-distantziak bermatuko dira eta ezinbestekoa izango da maskara jantzita izatea. Gainera, sarreran eskuragarri egongo da gel hidroalkoholikoa. Kiroldegiko ateak 17:30ean irekiko dira eta ikusleei garaiz joateko deia egin diete antolatzaileek.

 

Sarrerak

Sarrera doakoa da eta aurrez erreserba daitezke Zestoako Turismo Bulegora deituta (943 86 88 11). Ekitaldia kiroldegian izango denez eta leku nahikoa egongo denez, okerrik ezean, azken momentuan bertaratzen direnek ere ekitaldiaz gozatzeko aukera izango dutela jakinarazi du Udalak.  




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide