Albisteak

Eguzki Xuri kontzertua izango da igandean Sastarraingo harrobian

Eguzki Xuri Udako Solstizio kontzertua antolatu du World Weather Network larrialdi klimatikoari ahotsa jartzen dion arte agentzia independenteen sareak, Artingenium bitartez. Pare bat aldiz, eguraldia tarteko, atzeratu beharra izan dute, baina okerrik ezean, uztailaren 16an, igande arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertua, Sastarraingo harrobian.

Juantxo Zeberio Etxepitxia musikariak sortutako bidaia musikala izango da, eta bertan izango dira Maddi Oihenart, Miren Narbaiza eta Olaia Intziarte abeslariak; Hari laukotea & harpa, Musikari laukotea; Tolosako Laskabesbatza, Tolosako Abesbatza Gaztea (TAG) eta Harrobia Dantza Bertikala konpainia.

Sarrerak aurrez erosi behar dira turismo bulegoan. Online erosteko aukera ere izango da bibe.me webgunean, hamar eurotan. Antolatzaileek jakinarazi dute harrobia gune babestua denez, ezingo dela bertara kotxez iritsi, ikusleek, beraz oinez joan beharko dute bertara. Garraio zerbitzua egongo da behar bezala justifikatutako salbuespenetarako. Garraioa erabili behar dutenek, aldez aurretik mezu bat bidali beharko dute ce@artingenium.com helbidera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide