Albisteak

EH Bilduk hondakinen bilketa sistemaren inguruko “eztabaida publikorako deia” luzatu dio EAJri

Atzo EAJk argitaratutako oharraren ondoren, EH Bilduk “eztabaida publikorako deia” egiten dio Udal Gobernuari. Honakoa da koalizioak argitaratu duen oharra:

Udal Gobernuaren oharrari erantzunez, lehenik ezohiko udal batzarrean garbi esan genuen bezala, ondoren ospatu zen hogei minutu eskaseko batzarrean egon ez izanaren arrazoia, alkateak dimisio eskariari emandako azalpen patetikoei eta bera kide den alderdiaren isiltasunari eginiko protesta adierazpena izan zen. Herrigintzan EAJk ez dio inolako leziorik emango EH Bilduri. Udal dietak poltsikoratzeko grina gehiago du EAJk herrigintzarako baino.

Alkateak sare sozialetan inolako prudentziarik gabe eta fribolitate osoz azaldu bezala, argi gelditu da EAJk edukinontziak jarri nahi dituela, eta bide batez, tasa igoera horretarako aitzakia merke bihurtu nahi du. Gogora dezagun Zestoan adostasunez jarri zela egungo bilketa sistema, eta berau eskualdeko birziklatze emaitzarik onenak ematen ari dela arlo guztietan. Adostasunez hartutako erabaki bat alde bakarretik hautsi nahi duela dirudi EAJk.

Urtebete besterik ez da pasa bilketa sistema berria jarri zenetik, eta oraindik hobetu daitekeen sistema da, horretarako prest gaude eta baditugu proposamen zehatzak. Edukinontzietara itzuli diren herrietan sekulako arazoak izan dira, Azkoitia kasu, organikoaren kalitate eskasagatik tona gehienak errefusa gisa zabortegira bideratu dira eta horrek ia 100 mila eurotako gainkostua suposatuko dio udalari.

Beraz, Zestoan daukagun sistema askoz jasangarriagoa eta luzera merkeagoa ere badela ziur gaude. Kontua da, EAJk interes ekonomikoak lehenesten dituela ingurumena babestearen gainetik. Eta noski, alderdiak bere udal guztiak behartu nahi dituela edukinontziak jarri eta erraustegiari elikagaia bermatze aldera.

Bestalde, mankomunitateak edukinontziak jartzeak suposatuko lukeen informea, udala aldatu eta gero eskatu zena, helarazi dio udal gobernuari eta honek oraindik ez digu horren berririk eman, zergatik ote?

Kontuak kontu, ika-mika antzuetan jardun baino, eztabaida publiko irekirako deialdia egiten diogu EAJri, herritarren aurrean proposamen guztiak eztabaidatu eta bide batez herritarren iritzi eta kezkei lekua egin ahal izateko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide