Albisteak

Ekain haurreskola handitzeko lanak hasi dituzte

2005ean ireki zen Zestoako Ekain haurreskola. Zenbait urtetan haurren plaza guztiak beteta egon izan dira eta beste batzuetan ez, baina leku falta betidanik izan dute Zestoako haurreskolan. Bertako langileen esanetan, “urteetan” dabiltza “arazo honi irtenbidea bilatu nahian”. Duela aste batzuk Zubimusuko Ekain haurreskola handitzeko lanak hasi dira. Udalak alboko lokala erosi zuen iaz, eta honen erdia baino zertxobait gehiago, 150 metro karratu, emango zaizkio orain haurreskolari. Ez da aurreikusten plaza gehiago ateratzea, “bestela ez baita arazoa konpontzen” diote langileek.

Gehituko zaion zati berria, batez ere 1-2 urteko haurrek erabiliko dute, eta orain arteko zatia, txikienentzat geldituko da. Sukaldea eta lo egiteko lekuek ez dute aldaketarik izango, jolasgunea izango da aldatuko dena, batez ere.

Udalaren arabera, 126.000 euroko aurrekontua izango dute lanek eta hiru hilabete inguruan amaitzea espero da.

Matrikulazioak langa pasata

Aurtengo ikasturtean, 2023-2024 ikasturtean, Haurreskolen Partzuergoko zerbitzua doakoa izan da eta hala izaten jarraitzea aurreikusten da. Horrek matrikulazioan eragin egin du. Ekain haurreskolak guztira 21 plaza eskaintzen  ditu,  0-1 adin tarteko 8 plaza eta 1-2 tarteko 13 plaza eta denak beteta daude. Gainera “taldekatzea” eman da eta txikienen taldean handieneko batzuk sartu dituztenez aurten 23 haur daude matrikulatuta eta bost txiki gelditu dira kanpora.
Langileen arabera, kintak ere eragiten du, urte batzuetan haur gehiago jaiotzen dira eta hori ere antzematen da. Aurtengoa nahiko kinta handia izan da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide