Albisteak

Ekainaren 1etik aurrera auto-partekatu zerbitzua eskainiko du Udalak

Gaur goizean aurkeztu dute proiektua Hyundai Oarso Car-eko Jon Tolaretxipik eta Mikel Arregi, alkateak. Proiektua Oarsoaldeako taldeak abiarazi zuen 10.000 biztanletik beherako eta landa eremuko herriei zuzendua. Usurbilen atzetik Zestoa izan da herritarrei aukera hau zabaltzen dien bigarren udalerria.

Arregiren hitzetan: “Agendan lehen mailan daukagu larrialdi klimatikoa eta honen baitan mugikortasuna arlo oso garrantzitsua da”. Zestoak, gaur egun garraio publiko aukera zabala duela gehitu du, baina nahiz eta hiriburuekin konexioa nahiko duina den, alboko bailarekin eta auzoekin dagoen lotura hain ona ez dela aitortu du. Hori dela eta, mugikortasunari dagokionez 0 isuridun sistema batera jotzea, interesgarria iruditu zaio Udalari. Etorkizunera begira horrelako proiektuak lantzen joatea ezinbestekotzat eman du alkateak eta proiektu honekin urtebeteko froga egin ondoren emaitzak aztertu egingo direla esan du.

Ion Tolaretxipik, bere aldetik eskerrak eman dizkio Zestoako Udalari auto-partekatuari aukera eman izanagatik. Proiektu berritzaile bat dela adierazi du eta herritarrak animatu nahi izan ditu auto elektrikoa probatu eta sistema honen aurrean gerta daitezkeen zalantzak eta beldurrak argitzeko.

Proiektu honekin, Suv motako Hyundai Kona, %100ean elektrikoa den auto modeloa, jarriko dute herritarren eskura. Herri barruan, 660kmko autonomia eta modu konbinatuan 480kmko autonomia duena. Erabiltzaileek VIVe app-a erabili beharko dute autoa erabili ahal izateko: norbanakoaren datuak bertan sartu, erreserba egin eta giltza modura erabiltzeko.

Autoaren erabiltzailea izan ahal izateko baldintzak:
Zestoan erroldatua egotea.
Gidabaimena duela hiru urte baina gehiagotik izatea.
25 urte baino gehiago izatea.

Autoa erabiltzeko baldintzak:
Autoa erabiltzeko denbora muga egun batekoa izango da eta 180kmko perimetroko zabaleran erabili ahal izango da.

Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, autoa udalaren erabilerarako erreserbatua egongo da 12:00ak arte.
Astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 22:00etara, zestoarren erabilerarako.
Larunbat, igande eta jaiegunak: 08:00etatik 22:00etara, zestoarren erabilerarako.

Prezioa:
Udalak adostu du alokairuaren prezioa eta kostu duina bermatzea nahitaezkoa ikusi dute.
Egun osoko alokairua 30€
Ordukako prezioa 5€

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide