Albisteak

Ekainaren 24tik 30era izango da 2018ko Antzerki Astea

Ekainaren 24tik 30era bitartean izango da aurtengo Antzerki Astea. “Elurra” tragikomediarekin emango diote hasiera antzerki eskolako ikasleek emozioz betetako asteari. Ikusleek ekainaren 24tik 26ra bitartean izango dute Amancay Gaztañagak sortutako antzezlana ikusteko aukera. Antzerki eskolako beteranoenek hartuko dute parte zestoarraren obran.

Ekainaren 27 eta 28an aldiz, Moliere-ren “Alegiazko gaixoa” komedia ikusteko aukera egongo da. Hirugarren kurtsoko ikasleek antzeztuko dute “Argan gaixoaren” bizitzan murgiltzen den obra.

Ekainaren 29an aldiz, kanpotik etorriko diren bi konpainiaren txanda izango da. Lehenengo, Atx Teatroa konpainiaren eskutik, Iñaki Ziarrustak antzeztutako “Tomiris” antzezlana ikusi ahalko da. Hamabost minutuko atsedenaldiaren ostean, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias igoko dira oholtza gainera. Bilboko Pabellon 6-eko antzerki topaketetan Kriseilu saria eskuratu zuen “Agur eta Dolore” antzezlana eskainiko dute Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Gaztetxoenek emango diote amaiera aurtengo antzerki asteari. Ekainaren 30ean, “Errege Gaua” antzeztuko dute Mikel Ibargurenen zuzendaritzapean.

Sarrerak Mairi dendan (estankoan) egongo dira salgai. Aurten ere bonu berezi bat egongo da antzezlan guztiez gozatu nahi dutenentzat. Bonuak 15€ balioko du baina banaka ere erosi ahal izango dira. Sarrera bakoitza 6€ izango da.

“Geroz eta handiagoa bihurtzen ari den ekintza txiki hau, bihotzez eta maitasunez zuei agertzea beti da plazer izugarri bat. Mila esker zuen babesa eskaintzeagatik. Segi dezagun kultura sortzen, ereiten, bera baita arima elikatzen diguna, pentsamendu kritikoa ematen diguna eta gure begirada beste kolore batez argiztatzeko gai dena. Toki berdinean jarraitzen dugu, toki txikiegia Zestoak duen bulkada artistikoa aintzat hartzen badugu. Hau ere esan gabe ez gara geldituko” azaldu dute antzerki taldeko kideek.

 

Argazkia: Eromen produkzioak




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide