Albisteak

Ekainaren 8an zabalduko dute kiroldegia

Ia hiru hilabetez itxita egon ondoren, datorren astelehenean zabalduko dituzte kiroldegiko ateak. Zestoako Udalak azaldu du Kiroldegiko hainbat zerbitzu “pixkanaka” zabaltzen hasiko direla. Osasun erakundeen aginduak jarraituz zabalduko dute kiroldegia. Erabiltzaileek baldintza eta arau batzuk bete beharko dituzte kirol instalakuntzak erabiltzerako garaian. Itxialdian, Kiroldegiko ikastaro birtualak etxetik egiteko aukera izan dute erabiltzaileek baina kiroldegiaren irekierarekin batera, eskaintza birtual hori bertan behera geldituko da.

Hitzordua hartzea, ezinbesteko

Ordutegia aldatu egingo dute: goizeko 08:30etatik gaueko 20:00ak arte egongo da Kiroldegia zabalik. Instalakuntzak bazkideek soilik erabili ahal izango dituzte eta aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da, 943 147 942 telefono zenbakian edo Kiroldegiko harreran. Honetarako alboko leihatila zabalduko da kiroldegi barrura ez sartzeko. Hitzorduak ekainaren 4tik aurrera har daitezke, goizeko 08:30etatik eguerdiko 15:00ak bitartean.

Kirol instalazioak erabiltzeko orduak adinaren arabera banatuko dira: 65 urtetik gorakoek bi txanda edukiko dituzte, 8:30-10:00 eta 14:30-15:30. 16 eta 64 urte bitartekoek, berriz, 5 txanda edukiko dituzte aukeratzeko. Ordu bloke bat erreserbatu ondoren, sartzeko ordu muga bat emango da. Ondoren, Kiroldegia itxi egingo da, hurrengo txandara arte. Goizean 30 minutuko margena emango da sartzeko eta arratsaldean 15 minutukoa. Egunean behin har daiteke txanda eta egun bakoitzerako egin behar da erreserba. Erreserba ezingo da egun berean egin, bezperara arte onartuko dira.

Segurtasun neurriak

Goizean ordu eta erdiro eta arratsaldetan orduro ordu erdiz itxiko dute Kiroldegia, garbiketa lanak egin eta aireztatzeko. Erabiltzaileek bi toalla eraman beharko dituzte: bat txikia, norberaren izerdia garbitzeko, eta bestea handia, etzanda jartzeko, makinetan jartzeko…

Kiroldegira sartzerakoan oinetakoak desinfektatu beharko dira eta tenperatura hartuko da, 37,5tik gora duenak ezingo du sartu. Eskuak hidrogelarekin garbitu beharko dira eta maskara jantzita eraman beharko da, kirola egiterakoan kendu ahal izango da. Erabilitako makinak eta materiala norberak garbitu beharko ditu, horretarako bereziki aretoetan jarriko diren desinfektanteekin. Rokodromoan Magnesio Likidoa erabili behar da eta igogailua ezingo da erabili, mugikortasun arazoak dituztenak salbu.

Osasun erakundeen aginduaren arabera, %30eko edukiera gutxitu eta bi metroko segurtasun distantzia matendu behar direnez, eremu guztiak ez dira erabilgarri egongo eta beste batzuk galarazita egongo dira. Krossfit aretoa eta sauna itxita mantenduko dira, baita aldagelak eta dutxak ere.

Erabilgarri egongo diren guneak:

  • Bizikletak
  • Fitness aretoa:
    Makina Kardiobaskularrak, bi zinta
    Eliptika 1
    Goiko atalak lantzeko bi muskulazio makina egongo dira erabilgarri
    Ergometroak 2
  • Areto anitza. Ikastaro birtualak: Gehienez zortzi pertsona
  • Trinketea: Pertsona bat
  • Frontoia: Bi pertsona
  • Rokodromoa: Bi pertsona.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide