Ekaitzen ondorioak eta konjuruak

 

 

Ekaitzak berarekin ditu tximista eta trumoi hotsak. Hauen eragina  bortitza izaten da  askotan, bai eraikuntza bai animalia edo gizakien artean. Atzera asko joan gabe begiratu besterik ez dago   Zestoako dorrean ekaitzak egin zuenari; nork esan tximista bat kupula osoa botatzeko gai izango zenik. Hori eta gehiago egiteko indarrak ere izango ditu seguruenik. 

Ekaitzaren kalteak beti ez dira tximistarenak izaten. Batzutan haize, euri eta harri jasa   bortitzak ere izaten dira ekaitzarekin, landa eremuetako uzta guztiak zipilduaz. Soro eta zelaietan gurutzeak  jartzen ziren  eraso hauek saihesteko.  San Juan egunean  bedeinkatutako lore eta erramu eguneko hostoak erre ere egiten ziren. Eta gainera,  kandela bedeinkatua pizten zen sukaldeetan. Gure etxean hala egin ohi zen behintzat. 

Hauek gutxi izanik, herriko apaizak ere  konjurua egiten zuen “zumitaioan”.  Ez dakit  naturak dituen indar hauek  nork kudeatzen dituen, baina  beti  zerura begira egindako eskaerak izaten   ziren. Fedea  mendiak mugitzeko gai dela esan ohi da, eta  konjuru hauek ere  fedearekin egindakoak  direnez, baliteke emaitza onak izatea, nahiz eta datarik ez dugun emaitzak balioztatu ahal izateko.

Gaztetatik  entzun izan dut Altzolako baserritar batek egiten zuen konjurua  ekaitzetik baserria  babestu nahian.  Honek ere zerura begira egiten omen zuen,  eta honela dio konjuruak: Kargatu Izarraitzen,deskargatu Ernion, guarda Altzola, y endemas Semeola.  Bitxia benetan.

Dena den, tximistaren kalteak aipatu eta ezin  alde batera  utzi  Santa Engrazia ermitak jasan dituenak, bati-bat  kanpaia finkatzen duen dorretxoarenak. Nik neuk ezagutu ditut bat edo beste, eta iraganean auskalo  zenbat jasan dituen. Dorretxo horretan finkatuta duen kobrezko kanpai erraldoia izango da errudun seguruenik, honek  tximista  erakartzeko  gaitasun handia baitu.

Kalterik handiena behar bada 1828. urtean jasan izango zuen ermita honek. Oñatiko artxiboetan Joxemari Zuntzunegik aurkitutako agirien arabera, garai batean serora-etxea omen zuen ermitak, eta urte horretan bertan tximista batek etxea suntsitu  omen zuen, ermita zaina hil zuelarik bertan.

Aspaldian konjuru kontuak  galduta dira nonbait  eta ez dakit honen eragina   den hala ez,   baina  azken  abenduko   ekaitzak ere egin ditu   kalteak  Santa Engrazia bailaran. Baserri bat baino gehiago izan dira tximistaren eraginez   atariko  kontagailu eta kaxa elektrikoak dena puskatuta utzi dituenak. Etxe barruan  susto galantak hartutakoak ere izan dira. Hauekin batera gehitu egin behar   ermitako erlojuaren  tresneria elektrikoari egindako  kalteak, horren eraginez momentuz isilik dago  kanpaia. 

Tximistak  sortzen dituen kalteak ez dira Santa Engrazia bailarara mugatzen,  denok izango ditugu  telebista edo tresnaren bat kaltetuta etxean seguruenik.  Urte batzuk badira, baina  ikusita nago  zuhaitz azpi batean zeuden hiru behi tximistak erreta ere. Irudi hura tristea  zen  benetan. 

Tximistari begira   sarean dauden eztabaida-lekuetan garbi ikusten da metalak duen gaitasuna tximista erakartzeko. Dena den badira beste arrazoi  batzuk ere,  eta hauetako bat kareharriarena da. Kare harriz osatutako  arkaitz tontorrak   tximista erakartzeko gaitasun handiagoa omen dute, beste harri mota batzuekin konparatuta. Hauek irakurri eta tontor honek  txartel  denak dituela esango nuke  tximista erakartzeko. 

Egun ermita hau   tximista orratz batek  babesten du, baina argindar  horniduratik sartzen dena oso zaila egiten da babestea. Goian aipatu dugun abenduko ekaitzak kaltetu du erloju honen  tresneri elektrikoa eta seguruenik ez da azkenekoa  izango. Auzolanean badoaz konponketak eta espero kuku kantuarekin  batera kanpai hau ere kantatzen hastea.

Ikusten dugunez,  gogor eraso du ermita hau tximistak, baina oraindik zutik  jarraitzen du,  biztanle  asko  saiatu baitira lan horretan. Merezi duelako izango da seguruenik.

Tontor hau energiaz beteta dago,  tximista horrela erakartzeko gai denez eta energiaz beteta dagoenez  merezi du   ibilaldi bat eginez bertara igotzea. Egonaldi txiki bat egin,  paisaiarekin gozatu, energia positiboaz kargatu  eta seguru  “karma” honek   bizitza estresagarri honen oreka   lortzen lagunduko digula. 

Hauek laburbilduta tontor honek tximistarekin duen istorioa eta hauek  ezagututa, ekaitz  bortitzaren orduetan tontorra alde batera uztea hobe.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide