Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Iragan astean hasi zituzten santaines jaien ospakizunak Iraetan eta asteburu honetan ere izango da zer egina auzoan. Ostiralean XXXII. mus txapelketa azkarra jokatuko da Bekoetxe tabernan, iluntzeko 22:30ean hasita. Parte hartu nahi duten bikoteek 22:00etan eman beharko dute izena, 30 euro ordainduta. Lehenengo sailkatuek 1.000 euro, txapelak eta trofeoak eskuratuko dituzte; bigarrenek, 400 euro eta trofeoak; hirugarrenek 200 euro, eta laugarrenek 100 euro.
Larunbatean amaituko dira aurtengo festak. Eguerdian, pintxo lehiaketa egingo dute Gure Ordeka elkartean, eta ondoren pintxoak jango dituzte. Arratsaldeko 17:00etan umeentzako puzgarriak izango dira frontoian, eta 17:30ean Iraetako trena zabalduko dute haur eta familientzat. Festei amaiera biribila emateko, txokolate beroa prestatuko dute arratsaldeko 18:00etan.