Albisteak

Elikadura tailerrak Arroabeko Txara proiektuaren urteurrena ospatzeko

Urtebete beteko du datorren igandean Arroabeko Txara proiektuak. Urteurrena ospatzeko elikadura tailerrak antolatu dituzte datorren maiatzaren 19rako. Lakari kontsumo-eredu jasangarria eta arduratsua, tokiko laborantza iraunkorraren biziberritzea eta elikadura osasuntsua sustatzea helburu duen kooperatibako kideek dinamizatuko dute saioa.

Txarako kideek azaldu dute proiektua martxan jarri zutenetik elikaduraren inguruko formakuntzak egiteko asmoa zutela, baina lehen urte honetan ez dutela unerik hartu horretarako. “Orain, urteurrenaren aitzakian, tailerra egitea pentsatu dugu. Lakarirekin egingo dugu, guretzat erreferente bat dira. Inguruko produktuak, garaiak garaikoak eta ekologikoak erabiltzen dituzte eta horrez gain, formakuntzak ere ematen dituzte” adierazi dute.

Helduentzako eta haurrentzako saioak izango dira. Biak ordu berean hasiko dira, 18:00etan baina toki ezberdinetan izango dira. Helduena Elkargunean izango da, eta haurrena, berriz, Ederki elkartean. Txarako kideek azaldu dute haurren tailerra praktikoagoa izango dela eta garaian garaiko elikadura lantzeko jolasak ere egingo dituztela. Horrez gain, otordu bat ere prestatuko dute. Helduen saioa, aldiz, teorikoagoa izango dela jakinarazi dute. Elikadura osasungarri baterako oinarriak azalduko dituzte tailerrean eta aste bateko menua antolatzeko gakoak emango dituzte.

Izen-ematea zabalik

Saioek bi orduko iraupena izango dute. Parte hartu nahi dutenek ostiralera arte eman dezakete izena Txaran edo 722 601 073 telefono zenbakian. Helduentzako tailerraren prezioa 15 eurokoa da (Txarako bazkideentzat 10 euro) eta haurren saioarena, aldiz, 7 eurokoa.

Ospakizuna asteburuan

Elikaduraren inguruko tailerraz gain, urteurrena ospatzeko egitarautxoa prestatu dute astebururako Txomin tabernarekin eta Ederki elkartearekin elkarlanean. Larunbatean, hilak 14, haurrentzako zinema izango da eskola zaharrean. Ondoren, txokolatada egingo dute Joxe Miel plazan eta Arroako buruhandiak kalejiran ibiliko dira. Iluntzeko 21:00etan, berriz, bertso-kantu-afaria egingo dute Ederki elkartean.

Igandean, berriz, hurbileko produktuen pintxoak dastaketa izango da eguerdiko 12:00etan plazan. Ordu berean, haurrek barazkiak landatzeko aukera izango dute. 14:00etan, paella jana izango da Txomin tabernan. Bazkalondoren, mus txapelketa azkarra jokatuko dute.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide