Albisteak

Elikadurari buruzko hitzaldiarekin hasiko da Mendi Astea

Garazi Abasolo nutrizionista (Argazkia: Goiena.eus)

Azaroaren 9tik 12ra izango da Agiro Mendi Klubak eta Zestoako Udalak elkarlanean antolatzen duten mendi astea. Asteazkenean, “Nola elikatu kirolean! Nola elikatu mendian!” hitzaldia eskainiko du Garazi Abasolo nutrizionista aretxabaletarrak arratsaldeko 19:00etan hasita Alonderon.

Elikaduraren garrantziaz arituko da aurrena Abasolo, eta ondoren, elikadurak kirolean duen garrantzia izango du hizpide. Hidratazioaren inguruan ere hitz egingo du nutrizionistak, eta kirol desberdinak praktikatzeko nola elikatu behar den ere azalduko du. Saioa herritar guztiei bideratuta dagoela azpimarratu du: “Mundu guztiari bideratutako hitzaldia da, mendira joaten ez dena, joaten dena, egun pasa soilik joaten dena… gaiarekiko interesa duen edonor etor daiteke”.

Beste bi hitzordu

Azaroaren 11n, Jon Artano zestoarrak “Esplorazio zientifikoa eta alpinismoa. Darwin mendikatean, Suaren lurraldean (Txile)” saioa eskainiko du 19:00etan Alonderon. Mendi asteari amaiera emateko, BTT zeharkaldia antolatu dute azaroaren 12rako. Zestoa-Urdaneta-Pagoeta-Iturriotz-Altzola-Aizarna-Zestoa ibilbidea egingo dute, goizeko 8:30ean hasita.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide