Albisteak

Elizako erlojua “epe motzean” ekarriko du udalak Zestoara

Ia bi urte pasa dira tximista batek kanpandorrea jo eta ondorioz, erlojua eta kanpaiak hautsi zirenetik. Denbora da elizako erlojuaren konponketa lanak amaitu zituztela eta ordutik, Lasaoko elizan dago. Mikel Arregi Ertxin alkateak esan du erlojua “epe motzean” ekarriko dutela herrira, liburutegi azpiko lokalera hain zuzen ere. Toki hori probisionala izango da, jendeak erlojua ikusteko aukera izan dezan.

Hitzaldia

Erlojuarekin lotutako hitzaldia antolatu dute liburutegi azpian abenduaren 20rako. Bertan, erlojuaren inguruko azalpenak eman eta honen etorkizunaren inguruan arituko dira. Han egongo dira udal arduradurak eta baita zaharberritze lanetan jardun dutenak ere.

Erlojuaren etorkizuna

Erlojua kanpandorrean jarri behar dela esan du Arregik baina nahiz eta udalaren jabetzakoa izan, elizak hartzen dituen erabakiekin erabat baldintzatuta daudela azpimarratu du. “Kanpaiak oraindik Santillana del Marren daude, konpondu gabe. Guk ez duguna egingo da elizak kanpairik jarri gabe erloju zaharra jarri” esan du.

Gainera, erlojua kanpandorrean jartzeak kostu handia duela nabarmendu du. Beste aukera bat ere badagoela esan du, mekanismo modernoagoa duen erloju bat jartzea, hori askoz ere merkeagoa dela. Hau horrela izanik, aukera ezberdinak aztertzen ari da Zestoako Udala. “Herriko ondareari dagokion gaiekin hausnarketa fase batean murgilduta gaude eta ez dugu ezer baztertzen” azaldu du alkateak.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide