Albisteak

Elkarretaratze deia egin dute Amasamendi bizirik, Errezil bizirik eta Sañu bizirik elkarteek iganderako Zelatunen

Amasamendi bizirik, Errezil bizirik eta Sañu bizirik elkarteek biharko, irailak 28, elkarretaratzera deitu dute Zelatungo zelaietan. Deialdia egiteko arrazoia Sañuko Piaspe proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpen negatiboaren berri ofizialki jasotzea izan da.

Azken urteetako borrokaren emaitza dela azpimarratu dute:
«Antolatzeak bere fruituak ematen dituela erakutsi digute azken hiru urteek, eta Statkraftek, udalekin batera inposatu nahi zigun proiektua atzera botatzea lortu dugu denon artean», nabarmendu dute elkarteek. Garaipena ospatzeko tartea badela esan duten arren, kezka ere adierazi dute.

Izan ere, herritarren lurretan multinazionalek duten interesaz ohartarazi dute. «Enpresek herritarrona den lurra bereganatzeko intentziotan jarraitzen dute beraien mozkinak handitzeko», salatu dute. Halaber, Eusko Jaurlaritzak lantzen ari den Lurralde Plan Sektorialak (LPS) erraztasun gehiago emango dizkiela ohartarazi dute.

Horregatik, garaipena ospatzearekin batera, borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu dute:
«Denon artean Sañu babestea lortu dugu. Garaipena ospatu eta heldu diezaiogun borrokari, ikusi baitugu fruituak ematen dituela», azpimarratu dute.

Elkarteek dei egin diete herritarrei bihar Zelatunera joateko, mendietan zentral eolikorik ez aldarrikatzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide