Albisteak

[ELKARRIZKETA] Ankhar talde zestoarrak diska berria aurkeztuko du Argizulon

Gaur 22:30ean hasita Ankhar musika talde zestoarrak “Deshumanizazioa” diska aurkeztuko du Argizulon. Hori dela eta, Ankhar taldeko Ibon Telleria elkarrizketatu dugu:

Gustura “Deshumanizazioa” diskarekin?

Bai oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Profesional bikainekin lana egiteak hori dakar, emaitza onak. Eñaut Gaztañagarekin grabatu dugu diska Gaztain Estudioetan eta egia esan oso eroso egon gara, betiko laguna da eta oso ona bere lanean, beraz emaitzarekin oso gustura geratu gara.

Ze musika estilo entzun daiteke diskan?

Diskaren izana Thrash Metala da, krudela, zuzena eta bortitza, “txorradarik” gabe jejeje. Heavy Metal klasiko, Hardcore edo Death Metal ikutu batzuk baditu baino funtsean eskola zaharreko Thrasha entzun daiteke diska berri honetan.

Zergatik “Deshumanizazioa”?

Bi arrazoi dira: lehena letren mezuak gizarte honen dekadentziari buruz doazela da, asko kezkatzen gaituen arazo larri asko ikusten ditugu gaur egun eta letretan adierazten ditugu, bai lan honetan eta aurrekoan ere bai. Ez dugu satan edo odola eta heriotzari buruz hitz egiten, guk nahiago dugu kritika sozial bat egin. Eta bigarren arrazoia da ba lehen HUMAN izena genuela, hitz joko horrekin jolastu dugu, Human izateari lagatzen…..Deshumanizatzen!!

Blood Fire Death promozio etxearekin hasi berri zarete elkarlanean.

Oso gustura gabiltza beraiekin egia esan. MPRkin lana egitea utzi genion eta BFDekoi bidali genien diska. Entzun zuten eta asko gustatu zitzaien eta segituan sartu ginen beraien familian. Harriturik gaude gure diska edukitzen ari den oihartzunarekin, Europa osoko 30 hedabide baino gehiagotan azaldu gara, atzo bertan Italiatik etorri zen diskaren kritika bat eta oso kritika ona egin ziguten, eta estatu mailan ere oso kritika onak izaten ari gara. Oso gustura egia esan!!

Gaur “Deshumanizazioa” diska Argizulon aurkeztuko duzue.

Gaur Argizulo Barnetegiaren 14. Urtemuga dela eta, festa ederra egongo da. Hilotz talde Lasartear bikainak irekiko du gaua, oso talde ona da benetan, merezi du beraiek ikustea. Ondoren gure txanda helduko da, diska berria osorik joko dugu, baita abesti zahar batzuk eta bertsioren bat ere. Gero musika eta festa egongo da gorputzak aguantatu arte. Merezi du bertara joatea, ez zarete damutuko!!

Aurrera begira ze asmo dituzue?

Gure asmoa orain diska ahal den leku guztietara zabaltzea da, ahal ditugun kontzertu guztiak eman, azkenean hori baita gustatzen zaiguna, kontzertuak ematea. Jada data batzuk lotuak ditugu, Barakaldon, Santurtzi, Mutrikun, Donostian… eta estatu mailan ari gera hitz egiten Leon, Santander, Madrid, Bartzelona eta beste leku batzuekin, beraz gure asmoa egurra ematea da uzten diguten leku guztietan!!!!

Musika zaleentzako mezurik?

Jendeari esan nahi diogu animatzeko kontzertuetara joaten, betiko 4 talde horiei bakarrik jarraitu beharrean ondo dagoela talde berriak ezagutzea. Adibidez aurrekoan lagun batek esan zidan “talde hori ez diat ezagutzen, eta horregatik ez noak kontzertu horretara…” Hori burutik kendu behar dugun ideia da. Joan, ikusi eta gero epaitu, baina aukera bat eman behintzat!! Azkenean lan handia dago talde baten atzetik eta azkenean hori da benetan betetzen gaituena, leku batera joan eta jendea gu ikusten egotea, horrek dena ordaintzen du!!!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide