Albisteak

[ELKARRIZKETA] Baque-BH taldeak Jon Agirre txirrindularia fitxatu du

Jon Agirre (Arroabea 1997) txirrindularia Baque-BH taldearekin arituko da datorren denboraldian. Ilusioz eta gogoz dagoela adierazi du Agirrek. Albiste honen harira elkarrizketatu dugu Arroarra.

 

Noiztik datorkizu bizikletarekiko afizioa?

Zumaian hasi nintzen udalekuetan. Aitak ere tarteka bizikleta hartzen zuen eta berarekin asko ibiltzen nintzen  nahiko gazte nintzenetik. Irakasle bat genuen bizikleta taldeko zuzendaria zena eta harekin hasi ginen. 12 urte inguru nituen “Viveros San Anton” taldean hasi nintzenean. Txikitatik gustatu izan zait, beti ibili izan naiz bizikletarekin txoroarena egiten baina serioago 12-13 urterekin hasi nintzen.

 

Nolakoa izan da orain arte bizikleta munduan izandako bilakaera?

Urtero gauzak ikasten joan naiz. Donostiako belodromoan hasi ginen entrenatzen eta adinean gora nindoan moduan mundu honetan gauza eta jende gehiago ezagutzen joan nintzen.

 

Baque-BHren fitxajearen berria nola hartu zenuen?

Oso gustura. Uda baino lehen deitu zidaten, maiatza edo apirila aldean nigan interesa zutela esanez. Datorren urterako ze asmo zuten azaldu, euren proiektua gustatu eta kontratua sinatzea erabaki nuen.

 

Nolakoa izango da Baque-BHrekin hastear duzun ibilbidea?

Oraingoz urtebeterako kontratua sinatu dut. Datorren abenduaren 15 eta 16an kontzentrazioa dugu taldearekin. Hemendik aurrera kanpoko lasterketa askotan izateko aukera handia emango didate Argentina edota Mexikon izango gara besteak beste.

 

Entrenamenduak nolakoak izaten dira?

Neguan normalean “fondo” deitzen dioguna lantzen dugu. Entrenamendu luzeak eta intentsitate baxukoak, bihotza lantzeko. Lasterketak hurbiltzen doazen heinean esfortzu handiagoko entrenemenduak egiten ditugu, motzagoak baino intentsiate handiagoarekin.

 

Baque-BHrekin entrenatzeko modua eta orain artekoak berdinak izango al dira?

Entrenatzeile berdinarekin jarraituko dut. Lehengo urteko antzeko entrenamentuak egingo ditugu. Agian ordu gehiago sartuko ditut, maila ere altuagoa baita.

 Etorkizunari dagokionez…

Beste bi edo hiru urte bizikletan “serio” jarraitzeko asmoa dut ea profesional mailara iriste naizen. Hau ez bada gertatzen orduan lanean hasiko naiz.

 

 

 

 

Argazkia: Urola Kostako Hitza




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide