Albisteak

[ELKARRIZKETA] Beñat Burgi: “Elkartasuna antolatzeaz gain, langileon autonomia sustatzen dugu”

‘Oinarrizkotik oinarria aldatu’ kanpaina jarri du martxan Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Kanpaina horren baitan, elkartasun azokak eta hitzaldiak antolatu dituzte Zestoan, Azkoitian eta Azpeitian. Aste honetan Zestoan izango dira ekintzak. Gaur, osteguna, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren jarduna ezagutzeko aukera izango da, arratsaldeko 18:30ean, Kultur Etxean. Larunbatean, berriz, Elkartasun azoka egingo dute herriko plazan, eguerdiko 12:00etan hasita.

Beñat Burgik (Aramaio, 1991) eskainiko du gaurko saioa eta Etxebizitza Sindikatuaren inguruko galdera batzuk egin dizkiogu:

Etxebizitza Sindikatuaren inguruan arituko zarete gaur arratsaldean. Zer da Etxebitzitza Sindikatua? Noiz eta zertarako sortu zen?

Gasteizko Etxebizitza Sindikatua etxebizitzaren problematikari modu efektibo eta diziplinatuan aurre egiteko jaiotako langileon berezko antolakuntza da. 2019ko azarotik daramagu asanbladak egiten, non elkartasuna kolektiboki kudeatzen den, betiere ditugun gaitasunen arabera. Elkartasuna antolatzeaz gain, langileon autonomia sustatzen dugu, langileongandik eta langileontzat den antolakuntza bat osatuz.

Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?

Hasiera batean bi hipotesi nagusirekin jarri ginen martxan eta hauek egiaztatzen gaude, froga-akats ibilbide baten bitartez. Alde batetik, proletarizazio prozesuak etxebizitzaren arazoan sakonduko zuela ikusi nahi genuen eta hala izan da, antzeman ahal izan dugu geroz eta jende gehiago hurbiltzen ari dela sindikatura. Bestetik, gerturatu den jende hori programa komunistaren baitan antolatzearen beharrezkotasuna frogan jarri eta berau berretsi dugu.

Ze proiektu dituzue esku artean?

Sare sozialetan publiko egin dugun moduan, duela gutxi ekimen berri batekin hasi gara. Azkenengo hilabeteetan Alokabiderekin harreman zuzena duten kasu asko iritsi zaizkigu asanbladara, beraz, honi erantzuteko beharra dagoela ikusi dugu. Horregatik, atzo asanblada informatiboekin hasi ginen gatazka espezifikoak lantzeko espazio gisa.

Hiri batean (Gasteizen) sortu zen Etxebizitza Sindikatua. Herri txikietan ere beharrezkoa al da horrelako tresnak antolatzea? 

Noski, edozein programa iraultzailek bezala gizarte osoa antolatzeko pretentsioa eduki behar dugu. Herrietan ere beharrezkoa da, auzoka edo kaleka antolatu beharko lirateke oinarrizko beharrizanetarako komiteak.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatutako ‘Oinarrizkotik oinarria aldatu’ kanpainaren barruan arituko zarete solasean gaurko saioan. Zein gai izango dituzue hizpide? 

Gure asmoa Etxebizitzari buruz egindako analisiak, oinarrizko sindikatuaren kontzeptuak eta antolaketa-moduari buruzko gogoetak sozializatzea da. Horretarako metodo marxistaren oinarrizko hainbat kategorien, etxebizitza problematikaren eta gure Sindikatuaren inguruko hainbat ideien inguruan hitz egingo dugu.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide