Albisteak

Urtebete elkartasuna saretzen

Fatimetu Salecaini, Ghalia Babelayache, Nagore Armendariz eta Ortzi Alberdi. Proiektuko kideak.

Urtebete egin du Oinarrizko produktuen biltegiak. Guztira, 440 pertsona inguruk hartzen dute parte proiektuan Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian. Orain, proiektua “hauspotzeko” asmoz, ‘Oinarrizkotik oinarria aldatu’ kanpaina jarri dute martxan.

Duela urtebete jarri zuen martxan Oinarrizko produktuen biltegia Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak. Langileriaren kapa proletarizatuenetako beharrei erantzuteko asmoz jarri zuten martxan proiektua 2020ko apirilean Azpeitian. Aste batzuk beranduago, Azkoiti eta Zestoara hedatu zen egitasmoa.

Proiektuaren gakoa “bertako lanaren ulerkeran” dago, Oinarrizko produktu eta elikagaien bankuaren funtsa “politikoa da, eta ez karitatean oinarritutakoa”. “Elkarren arteko laguntzaren” bitartez proiektu honekin “sare” handi bat sortzea lortu dutela diote bertako kideek. Orain, ‘Oinarrizkotik oinarria aldatu’ kanpaina jarri dute martxan, hainbat gairen inguruan hausnartu eta Oinarrizko produktuen biltegiaren proiektua herriratu eta hauspotzeko asmoz.

365 eguneko ibilbidea
Proiektu hau martxan jarri aurretik “langile klasea artikulatzeko” zerbait egitearen ideiari bueltaka ibili zirela azaldu du Ortzi Alberdi proiektuko kideak: “Langile klaseko sektore kolpatuenetako bat dira etorkinak eta denok saretzeko eta komunitatea sortzeko zerbait egin beharra geneukan. Pandemia honek gaixotasuna baina askoz gehiago ekarriko zuela argi genuen. Krisi sistemiko bat da eta kapitalismoaren berregituraketa ekarri du. Honen aurrean langile klasea saretzea ezinbestekoa zela uste genuen, elkar laguntzeko zerbait behar genuen”.

Duela urtebete “pentsaezina” zen artikulazio mailara iritsi direla esan du Alberdik eta urtebete honen balorazio “oso positiboa” egin du. Hartzaileen inplikazioa azpimarratu nahi izan du: “Kurtso berriarekin batera, hartzaileak blondres izateko proposamena onartu zuten. Oso erantzun ona jaso genuen. Azkenean, gizarteko sektore zaurgarrienetako herritarrei antolatzeko tresnak ematen ari gara eta horrek garrantzi handia du”.

Boluntario sarea
Datuei erreparatuta, guztira, 440 pertsonek hartzen dute parte proiektuan: 140 boluntarioak dira. 500 eskaritik gora dituzte baina momentuz, 300 eskariri erantzutera iristen dira. Nagore Armendariz zestoarra duela bederatzi hilabete inguru hasi zen proiektuan parte hartzen: “Oso gustura nago, laguntzeaz gain, emakume indartsuak ezagutzeko aukera izan dut. Beste pertsona batzuekin sare hori osatzea oso garrantzitsua eta aberasgarria dela iruditzen zait”.

Ghalia Babelayache Zestoan bizi den sahararra boluntario eta hartzailea eta maiatzean sartu zen proiektuan. Egitasmo hau “oso egoera zailean” jarri zutela martxan dio baina gazteak “sekulako lana” egiten ari direla gehitu du. Fatimetu Salecaini ere Zestoako hartzaile eta boluntarioetako bat da. Proiektu honi esker “jende asko” ezagutu duela dio eta “integraziorako” ezinbesteko tresna dela nabarmendu du. Saharar kanpamenduan jaio eta bizitakoak dira biak eta boluntario gisa funtzionatzera “ohituta” daudela diote eta “komunitatea” sortzea eta “elkar laguntzea” ezinbestekoak direla azpimarratu dute.

Azokak hiru herrietan
Proiektuaren urteurrena dela eta, ‘Oinarrizkotik oinarria aldatu’ kanpaina jarri dute martxan, proiektua “hauspotzeko” asmoz. Hitzaldi zikloa eta Elkartasun Azokak antolatu dituzte apirilerako Zestoan, Azkoitian eta Azpeitian. Hiru astetan zehar egingo dituzte hitzaldiak eta azokak.

‘Faxismoa: arraza eta klase aldagaiak bere historian zehar’ hitzaldiarekin hasiko da apirilerako antolatu duten egitaraua hilaren 8an, Azkoitian. Arratsaldeko 18:30ean izango da hitzordua, Elkargunean. Apirilaren 10ean, aldiz, Elkartasun Azoka egingo dugu Azkoitiko plazan. Apirilaren 15ean Zestoan izango da hitzordua. Bertan, Etxebizitza Sindikatuko kideen jarduna eta esperientzia ezagutzeko aukera izango da hango kideen eskutik, 18:30ean hasita, Kultur Etxean. Hilaren 17an, aldiz, Elkartasun Azoka izango dute Plazan. Azpeitian amaituko dute hitzaldi eta azoka zikloa. Hilaren 22an Oinarrizko produktuen biltegia eta urtebeteko ibilbidea izango dute hizpide 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Hilaren 24an, aldiz, Elkartasun Azoka egingo dute plazan. Hiru herrietako azokak goizeko 12:00etatik 15:00etara izango dira.

Aurrera begirakoak
Oinarrizko elikagaien biltokiari dagokionez, aurrera begirako helburu nagusia “egonkortasun ekonomikoa” lortzea dela azaldu dute taldeko kideek. Horretarako, ’10 euro edo +’ kanpaina dute martxan. Herritarrek hilean hamar euro edo gehiagoko ekarpen ekonomikoa egin dezakete.

Biltegiaz gain, beste hainbat proiekturi “forma ematen” dabiltzala azaldu du Alberdik: “Hasieratik garbi genuen boluntario sare honek elkar laguntzeko beste proiektu batzuetara estrapolagarria izan behar zuela”. Gizarte zerbitzuei bideratutako lan ildo bat martxan jartzea aurreikusten dute. Bestalde, hezkuntzara bideratutako proiektu bat ere lantzen ari dira Zestoan. Alberdiren esanetan, lehen ere proiektu hori martxan zen baina Covid-19a dela eta, bertan behera gelditu zen. Orain, boluntario talde batek hartu du talde hori osatzearen ardura eta datorren ikasturtera begira antolatzen hasiak dira.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide