Albisteak

[ELKARRIZKETA] Eider Mendizabal: “Dantzak deskonektatzeko balio izan dit”

Kantabrian jokatutako Retro Dantzen Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen Eider Mendizabal herritarrak salsa eta batxata modalitateetan. Aspalditik du areto dantzarekiko afizioa Mendizabalek eta aurten hasi da lehiaketetan parte hartzen. Bere esperientzia kontatu digu ondorengo lerroetan:

Noiz hasi zinen dantza munduan?

Gutxi gora behera 25 urte nituenean izan zen. Pare bat urtez aritu nintzen dantzan orduan. Gero, ezkondu eta haurdun gelditu nintzen eta utzi egin nuen. Orain dela lau urte berriz hasi nintzen, umea “koxkortu” zenean.

Betidanik gustatu izan zait mundu hau eta beti nuen dantzan hasteko gogoa. Orduan ordea, Donostian zuen eskola Joxe Mari Orbegozok eta Beasainen ere ematen zituen klaseak. Gero Azpeitian ireki zuen eskola eta urte hartan hasi nintzen ni.

Ze modalitatetan aritzen zara?

Normalean, salsa, batxata, txa-txa-txa dantzatzen ditut eta tartean behin pasodoblea eta tangoa ere bai. Larunbatetan joaten naiz klasetara, Joxe Marirekin. Aurten, asteartetan ere bai, lau orduko saioak izaten dira horiek. Madrildik etorri den bikote bat arduratzen da saio hori gidatzeaz eta dantza interpretatiboa, batxata, kizomba eta pasodobleak egiten ditugu beraiekin.

Txapelketetan parte hartzera animatu zara…

Bai. Maiatzean izan zen lehena, Azpeitian. Lehen aldiz antolatu zuten txapelketa eta parte hartzera gonbidatu gintuen Joxe Marik. Bigarren postua lortu nuen batxatan eta hirugarrena saltsan. Esperientzi oso ona izan zen. Hasieran “bultoa” egitera joan ginen eta azkenean uste baino hobeto joan zen. Gero, Kantabriako txapelketara aurkeztu ginen eta hor ere emaitza onak lortu genituen. Azpeitian beste bikote bat nuen eta orain, donostiar batekin aritzen naiz.

Areto dantzak modan al daude?

Bai, oso modan. Lehen, areto dantzetan gehien bat pasodobleak dantzatzen ziren eta orain, batxata, salsa edota kizombak arrakasta izugarria dute.

Egia da Azpeitian behintzat txikitatik hasten direla haurrak dantzan. Adin guztietako ikasleak daude Joxe Mariren eskolan eta ia egunero daude klaseak. Neskak beti gehiago izaten gara. Mutil batzuk hasten dira, askotan bikotearekin baina normalean neskak bultzatuta.

Zer da zailena?

Mugimenduak ondo markatzea. Gauza bat da pausoa egitea eta hori gutxi gora behera egin dezakezu baina grazia eman nahi badiozu aldaka soltatu behar duzu.  Eta azkenean hori, esperientziak eta konstantziak ematen dizu.

Zer eman dizu dantzak?

Erlazionatzeko modu bat da eta niri deskonektatzeko balio izan dit, baita terapia moduan ere. Itota nagoenean klasera joan eta erabat deskonektatzen dut. Bestalde, lagun asko eman dizkit. Adin ezberdinetako taldea daukagu eta oso ondo moldatzen gara, talde polita da.

Festetan ekitaldia egin zenuten Zestoan eta sekulako arrakasta izan zuen…

Bai, oso gustura egon ginen. Ni oso urduri nengoen, txapelketetan baino gehiago. Herrian jendeak ez zekien nik dantzatzen nuenik eta inpresioa egiten zidan agertokira igotzeak. Gauza bat da kanpoan egitea eta bestea herrian baina ilusio handia egiten zidan eta esperientzia benetan polita izan zen.

Behin txapelketetan hasita, ze asmo dituzu hemendik aurrera?

Orain arte ez dut ezer planteatu. Maiatzean izan zen lehena eta horren ondorioz animatu gara Kantabriara joatera ere. Orain beste txapelketa bat dago Bartzelonan eta pixka bat “pikatu” gara eta joan egin beharko dugu. Kordoban ere Espainiako Txapelketa jokatuko da martxoan eta ikusi egin behar. Dantzatzera goazen eskusarekin asteburu pasa joaten gara eta ederki pasatzen dugu.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide