Albisteak

[ELKARRIZKETA eta BIDEOA] Nola dago eliza?

Bi urte bete dira gaur, tximista batek kanpandorrea jo zuenetik. 24 hilabete ondoren, elizan izan gara eta bertako lanen inguruan aritu gara hizketa Ima Izetarekin.

Nola gelditu zen eliza tximistak jo eta gero?

Harriak erori ziren eta egin zen lehenengo gauza, segurtasun neurriak hartzea izan zen. Zintzilik zeuden harri guztiak kendu ziren. Teilatua zulatuta zegoen eta harri batzuk organo gainera ere erori ziren. Sakristia erre zen, eta instalazio elektriko guztia hondatu zen.

Erortzeko zorian zeuden harriak kendu zituztenean kupula konpontzeko lanekin hasi ziren. Proiektua egin zen aurrera eta gero harri aukeraketa egin zen. Kupula berria jartzearekin batera, goian zeuden gurutzea eta mundu bola ere berreskuratu ziren. Bestalde, bi tximistorratz berri jarri ziren, lurrera zuzenduta.

Kupula egin ondoren eliza barruko lanekin hasi ziren. Instalazio elektriko berria ere egin zen eta aldareko eskailerak ere berritu dira. Megafonia edota berogailu sistema berria ere ipini dituzte. Beirateak ere hondatu ziren eta horiek ere konpondu dira.

Nola daude gauzak orain?

Orain pintaketa lanak egiten ari dira. Argiteriarekin ere badabiltza eta bi kontu horiekin amaitu ondoren martxan jartzea aurreikusten da.

Noiz izango da?

Beti azken ukituek gauza luzatu egiten dute baina urtarrila bukaera edo otsaila aldera izango dela uste dut. Behin margotzen amaitutakoan, garbitzea eta azken argiak jartzea faltako da.

Pentsatzen dut eliza prest dagoenean hasiko direla elizkizunak egiten baina inaugurazio ofiziala Koldo parrokoa itzultzen denean egingo dela, beste langile bat bezala aritu da bera hemen lanean eta.

Zerbait egin gabe utziko al da?

Bai. Sakristiako lanak ez dira egingo. Etorkizun batean elizako kontua guztiak eraikin horretan zentralizatzea aurreikusten da, katekesia, apaizaren bulegoa… eta momentuz lan hori ez da egingo. Organoa ere ezin izango da ukitu oraindik.

Nola daude diru kontuak?

Dena bukatu arte kontu zehatzak izatea oso zaila da. Seguruak bere zatia ordaindu du, 650.000 euro inguru. Parrokiak ere egin du bere ekarpena eta horrez gain, norbanako batzuk ere lagundu dute. Orain gotzaindegiaren bidez ari dira lanak finantzatzen eta gero parrokiak diru hori itzuli egin beharko du.

Erlojua eta kanpaiak ere falta dira, ezta?

Erlojua udaletxearena da eta erabakia beraien esku dago. Kanpaiei dagokienez, Grajano herrian daude, Kantabrian. Lau kanpai dira guztira eta handiena konpontzea falta da. Beste hirurak konponduta daude jada eta laugarrena funditu eta berriro eraiki behar dute. Prest daudenean ekarriko dituzte Zestoara.




 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide