Albisteak

[ELKARRIZKETA] Lurdes Etxabe: “Denok nahi dugu erlaxatu baina oraindik ez da momentua”

Donostia ospitaleko nefrologia arloko erizaina da Lurdes Etxabe 1993az geroztik. Giltzurruneko gutxiegitasuna duten pertsonekin egiten du lan eta COVID-19aren krisia nola ari den bizitzen kontatu digu.

Ia bi hilabete pasa dira Espainiako Gobernuak alarma-egoera ezarri zuenetik. Nola oroitzen duzu hasiera?
Martxoa hasieran hasi ginen informazioa jaso eta bilerak egiten lantokian. Esperientziadun profesionalek osatutako talde bat sortu zen eta langileok prestatzen hasi ginen; lan antolaketa, ekipamenduak… Gero, egun batetik bestera alarma-egoera izendatu zuten. Amets txarrenean ere ezin zen pentsatu horrelako zerbaitek harrapatuko gintuenik. Teorian prestakuntza bagenuen baina egun batetik bestera gainezka egin zigun egoerak.
Esan behar dut, txanda bakoitza oso aldakorra izaten zela hasieran, une oro informazioa jasotzen genuen eta protokoloa etengabe aldatzen joaten zen. Horrek profesionalok etengabeko arreta bizian egon beharra sortzen zigun. Jendeak lan asko egin du, motibazio handiarekin. Egoera zeharo berria izan da eta gauza asko ondo egiteko gai izan garela uste dut, beste zenbait ez.

Nola antolatu zarete zuen sailean?
Gure gaixoak arriskuko pertsonak dira eta ezin dira etxean konfinaturik gelditu. Astean hiru aldiz etorri behar dute derrigorrez ospitalera, dialisia egitera. Antolakuntza aldetik lan asko egin behar izan dugu. Egoera oso gogorra izan da, batez ere, lehen hiru edo lau astetan. Gaur egunean egoerak hobera egin du.

Karga emozional handia izaten ari zarete…
Bai, lan handia da eta emozionalki oso neketsua eta estresagarria. Hala ere egunean egunerokora egokitu behar izan dugu. Teoria badakizu nolakoa den baina errealitatea beste era batekoa dela ikusten duzu.

Zein izan da zuretzako terapiarik onena?
Niri asko lagundu dit beste lankideekin hitz egitea. Inoiz baino dei gehiago egin eta jaso ditut. Elkar babestu gara eta horrek on egin dit. Familia, lagun eta mailako konfiantzazko pertsonekin ere asko hitz egiteko aukera izan dut eta hori ere oso positiboa izan da.

Ze neurri hartu dituzue etxean?
Hasieratik informazio asko nuen eta familian prestatzen hasi ginen. Nire kasuan ez zen zaila izan antolatzea. Alaba zaharrena Suedian dago eta senarra, alaba gaztea eta hirurok geunden etxean. Konfinamendua ezarriko zutela jakinarazi zutenean alaba gaztea Arroaerrekara joatea erabaki genuen, izebaren etxera. Bertan, ondoko etxean, edadetua eta gaixo dagoen nire ama bizi da eta nire ahizpa eta alabaren artean zaintzen dute.

Gure etxea bi zatitan edo banatu dugu.  Nik, nire gela eta bainugela ditut eta senarrak bereak. Profesional bezala hartutako erabakia da eta nik erabaki hori hartzeko aukera izan dut. Ume txikiak dituzten zenbait lankideek, adibidez, ezin dute erabaki hori hartu eta nik aukera dudanez hala egin dut.

Umeak eta helduak kalera irteten hasi gara. Ze gomendio emango zenituzke?
Haurrak kalera irtetea beharrezkoa zen, isolamendua oso luze joan da denontzat. Guraso bezala arduratsu jokatu behar dugu. Pandemia honek zaharrenei eragin die gehien baina oraindik ez dakigu asko COVID19ari buruz eta berekin bizitzen ikasi beharko dugu. Tratamenduen hobekuntza eta txertoak atera arte zorrotzak izan behar dugu.
Asteburu honetan helduok ere irtengo gara eta ezinbestekoa da higieneari eta distantziari dagokionez gomendioak jarraitzea; eskuak sarri garbitzea, etxera joandakoan arropa eta oinetakoak aldatzea…
Hala ere zestoarrek izandako jarrera ona nabarmendu nahiko nuke. Benetan pazientziaz hartu dugu egoera eta hori atzeman da, animo denoi!

Irteteko aukera dugunez erlaxatzen ari al gara?
Gobernuko ordezkari bati entzun nion konfinamenduaren fasea fase gogorra zela eta erraza denok ulertzeko. Deseskalatze fasea, berriz, fase esperantzagarria dela baina oso zaila egiteko. Derrigorrez oso ondo bete behar dugu gauza ondo joan dadin. Gaitz hau errealitate bat da, errealitate bortitza. Hainbeste aste konfinatuta egon ondoren denok dugu aske sentitu eta familia eta lagunekin egoteko desioa. Niri kezka ematen dit fase honek, oso konplikatua da eta gauzak ondo ez baditugu egiten atzera pausuak emango ditugu. Denok nahi dugu erlaxatu baina oraindik ez da momentua.

Zer erakutsiko digu izurrite honek?
Zerbait ikasi beharko genuke denok gure ahultasuna ikusi ondoren. . Higiene basikoa denok mantentzen dugu baina orain areagotu egin beharko ditugu gauza batzuk. Pandemia honen lehen agerraldia handia izan da, eta ez dakigu jarraipena nolakoa izango den. Ez da amets bat izan. Gauza asko ditugu ikasteko.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide