Albisteak

[ELKARRIZKETA] Naroa Agirre: “Eskerrak zaharragoen garaiak ez ditudan ezagutu eta orain jokatzeko aukera dudan”

Onintza Iruretak Naroa Agirre arroarra elkarrizketatu du martxoko zenbakian:

Telebista piztu eta ETB1en azalduko zaigu, prentsa idatzian ere haren pilota partiden kronikak idazten dituzte eta azken aldian esaten ari dira etorkizun handiko pilotaria dela. Emakumeen pilotaren aparraldia harrapatu du Arroagoikoak. Telebistak pilotan beti itzalean aritu izan diren emakumeak lehen lerrora ekarri ditu. Naroak errazena izan zuen pilota uztea, ez partida eta ez jokorako neska lagun gelditu zen duela pare bat urte. Segitzea erabaki zuen. Orain poz-pozik dago hainbeste gustatzen zaion kirola egiteko aukera duelako.

17 urte dauzka eta aurten batxilerra bukatzen ari da. Ikasturte gogorra, selektibitatea ere egin beharko du. Ikasketengatik ordea, ez ditu afizioak albo batera utzita. Pilota bezala, musika ere gustatzen zaio eta anaia zaharraren bideari jarraitu eta perkusioa jotzen du, horko bateria, xilofonoa, tinbalak, txapak eta bonboa. Bandan jotzen du eta ez dauzka ahazteko herriko festetan jendez inguratuta Amparito Roca jotzen duteneko momentuak. Perkusioa bandako lehenengo ilaran joaten da nonbait kalejiran eta Arroagoikoak dio halako momentutan sentsazio onak izaten dituela eta era berean urduri jartzen dela: “Amparito Zestoan kristorena da!”.

Azpeitia aldetik, aitaren aldetik, datorkio musikarako zaletasuna, eta aldiz, Arroan sortu zaio pilotarako pasioa.

Nola hasi zinen pilotan?

Arroan frontoia dago eta beste ezer asko ez. Txikitatik ibili naiz frontoian, baita eliza atarian ere, eskolara joateko autobusaren zain egoten ginenean. Bazkalondoan ere frontoira. Anai-arrebak eta herrikoak, denak ibiltzen ginen kaleraka. Hasieran zaharragoen kontra ibiltzen ginen, pike sanoa izaten genuen, kaleratzera ibiltzen ginen. Neskak eta mutilak, denak batera. Nire adineko neskarik ez dago Arroan eta mutilekin ibiltzen nintzen normalean.

Eskuzkoa ez bestelako modalitaterik probatu al duzu?

Pala probatu dut, baina niri eskuz jokatzea gustatzen zait. Pilota eskuan sentitzea gustatzen zait. Eskola kirolean futbola, saskibaloia eta eskubaloia egin nituen. Judo, berriz, hamar urtez praktikatu dut Azkoitian. Futbolean, saskibaloian eta eskubaloian baino pixka bat gehiago jarraitu nuen, baina urte batean futbolaren eta pilotaren artean aukeratu behar nuen eta pilota aukeratu nuen. Esan zidaten nire adineko neskarik ez zegoela pilotan. Hala ere, aukera hori egin nuen: ez zegoen neskarik baina ni neu ibiliko nintzen pilotan. Urtebetez aritu nintzen bakarrik entrenatzen eta partidarik jokatu gabe. Gero Azpeitiko neska bat ezagutu nuen eta biak hasi ginen Zestoan entrenatzen.

Orain 30-40 urte dauzkaten emakume pilotariek kontatzen dute urte luzez eskuzjokatzeari utzi behar izan ziotela neskentzako aterabiderik ez zegoelako. Zuk ere badakizu zer den horrela egotea.

Ni ez naiz beterano horiek adina denbora geldirik egon. Horiek hamar eta hogei urtez egon dira pilota utzita. Hala ere, orain pentsatzen dut oso erraza izango zela nik garai hartan pilota uztea: txapelketarik ez, neskarik ez, entrenatzailerik ez… ez dakit zergatik, baina segi egin nion… Bai, badakit zergatik segi nion, gustatzen zitzaidalako. Nahikoa nuen pilota eta frontoia neu bakarrik ibiltzeko.

Eta pixka bat geroago emakumeen pilota aparraldiak harrapatu zaitu.

Bat-batean neskak ikusi nituen telebistan jokatzen. Txapelketarik egiten zenik ere ez nekien. Azpeitiko Maddi Unanuerekin bikotea osatu eta parte hartu nuen lehen aldiz Emakume Master Cupen. Bigarren parte-hartzean 13 urte nituen eta Maddik 12. Finalaurrekoetara iritsi ginen. Lehenengo aldiz telebistan atera nintzen.

Jabetzen zara zure aurreko neska pilotariek izan ez duten aukera duzula?

Ez naiz oso kontziente, nahiz eta egia den urtebetez ni ere batere jokatu gabe egon nintzela, neskarik ez zegoelako. Zaharragoek esaten didate gozatzeko eta nik, “bai, bai, gozatzen ari naiz!”, erantzuten diet. Haiek mutilekin jokatzen zuten eta adin batetik aurrera utzi egin behar izaten zuten. Eskerrak zaharragoen garaiak ez ditudan ezagutu eta orain jokatzeko aukera daukadan.

Zein duzu entrenatzaile?

Zestoako Pilota Eskolan Adonis dut entrenatzaile, baina gehiago dauzkat. Master Cupa Olatz Arrizabalagarekin ari naiz jokatzen [elkarrizketa martxoaren 12an egindakoa da] eta entrenatzera Bizkaira joaten naiz. Bera, anaiak entrenatzen duenez, ni ere bai. Han neska gehiago daude eta elkarrekin aritzen gara. Txapelketako bikotea ezagutu behar duzu eta horretarako elkarrekin entrenatu behar da. Nafarroako Olatz Ruiz de Larramendirekin jokatutakoan haren anaia izaten dugu entrenatzaile. Pablo Dominguez osabak prestatzaile fisiko lanak egin izan ditu niretzat eta gaur egun Zestoako kiroldegiko zuzendari Ana Carrerek egiten ditu lan horiek.

Hedabideetan garrantzi handia eman zioten partida jokatzeagatik kobratzen hasi zinetenean. Zuk kobratzen al duzu?

Orain hasi naiz. Lehenengo aldiz Ean kobratu nuen. Hara joan nintzen eta antolatzaileak esan zidan ea 5 euro baneuzkan. Uste nuen nik ordaindu behar nuela partida jokatzeagatik! Amarengana joan nintzen estu-estu eginda eta esan nion 5 euro emateko. Amak: “Zertarako?”. Eta nik: “Ez dakit, baina eman 5 euro!”. Antolatzaileari 5 euroak eman eta berak dirua eman zidan, alegia, kanbioak behar zituen niri ordaintzeko. Pentsa niretzako zer pribilegio zen jokatzea, ordaindu behar zena ordaintzeko prest nengoen!”.

Galdera hori egin dizut zeren emakume pilotari beteranoek baldintza ekonomikoak kontuan hartzea eskatzen dute.

Baina gazteari galdetzen badiozu esango dizu partidak jokatzeko gogoa daukala, ezeren truke. Beteranoek esaten dute neskek ere kobratu behar dugula (mutilek bezala), baina nire ustez oraindik neska gutxi gabiltza. Oraindik ez dago oinarririk eta ez dut uste ez dakit nolako exijentzietarako gaudenik. Lehenengo, neska asko behar ditugu, gero adinkako kategoriak egin ahal izango ditugu, kategoriatan mailak egongo dira, eta batzuk txapelketa pribatuetan jokatzera helduko dira. Orduan kobratuko dute, baina orain lau katu gabiltza.

Adinaren arabera ikuspuntu desberdinak daude. Ez da gauza bera 40 urte izan ala ni bezala 17. Nik aitari esaten diot: “Ni ez nago begira partidak jokatzeagatik ordaintzen didaten ala ez, nik jokatu egin nahi dut”.

Profesional izatea? Hemendik urte batzuetarako kontua izan daiteke, orain ez da horretarako momentua. Orain atzetik datozen neskek jokatzeko aukera izatea nahi dut. Ez dadila gertatu orain beterano direnei gaztetan pasa zitzaiena: jokatu nahi eta ezin.

Emakumeen pilotak bere bidea egin behar du?

Ez dut uste ezertarako balio duenik nesken eta mutilen pilota konparatzeak. Mutilekin konparatzen hasten bagara betiko aitzakiak eta arrazoiak ateratzen hasten dira: neskoi eskuko mina jartzen zaigula, gorputzez ahulagoak garela… 12-14 urtera arte bale, baina haiei muskulua hazten zaienean eta guri hilekoa etortzen zaigunean alde handia sortzen da. Nesken pilota beste modalitate bat balitz bezala hartu behar da, materiala diferentea da, jokoa ere bai. Gainera, gurean dena eboluzionatzen ari da, guretzat egokitutako pilotak nolakoak izan behar duten ikertzen ari dira, tako egokien bila ere ari dira. Bide onetik goaz. Mutilekin konparatzeari utzi eta txapelketak ziurtatu eta material egokiak lortu behar ditugu.

Gazteentzako garrantzitsua izaten da nori begiratu edukitzea. Zuk zein izan duzu erreferente?

Ez naiz pilota telebistaz asko jarraitu duen horietakoa, baina ikustekotan gizonak ikusten nituen. Patri eta hauek [Naroa nazioarteko maila izan duten beteranoez ari da. Patri Espinarrek adibidez 35 urte ditu eta 2017an one wall pilota jokoaren munduko txapelketa irabazi zuen banakakoan eta binakakoan] munduko txapeldunak dira, baina nik ez nuen inor ezagutzen. Egia esan, halako maila lortu eta inork ez zituen ezagutzen. Orain dela gutxi Aizarnazabalgo eskolan izan nintzen neska gaztetxoekin. Pixka bat pilotan ibili ginen eta gustatu zitzaien. Kontua hastea da. Gaztetxoak aukerarik gabe gelditzea ez nuke nahi.

Plazandrea ematen duzu. Bandan perkusioa jotzen lehenengo ilaran, frontoian telebista eta guzti partidak jokatzen, ETB1ean elkarrizketak eskaintzen… Lasai itxura ematen duzu.

Lasaia! Bai zera! Oso urduri egoten naiz! Nire partida bat telebistan bota behar zuten lehenengo aldian aitari esan nion: “Zergatik ailegatu naiz finalaurrekoetara? Orain telebistan aterako naiz!”. Nahiago nuen lehenago kaleratzea telebistan ez agertzeko! Orain lasaiago hartzen dut eta telebista egonda ere gozatzen ikasten ari naiz. Eta gurasoek irakatsi didate frontoian serio jokatzen, burua partidan edukitzen, bikoteari laguntzen.

Gurasoak ez ditugu aipatu elkarrizketa guztian. Zein egiteko izan dute zure pilota ibilbidean?

Aurreko astean Arteagara joan nintzen entrenatzera. 40 minutu joan eta beste hainbeste etorri, ordubeteko entrenamendua egiteko. Palentziara joan, partida jokatu eta etorri, sei orduko bidaia. Eskerrak gurasoei pilota gustatzen zaien. Nik pilotan jokatzeko lan dena egin dutenak gurasoak dira. Etxean ez didate eragozpenik jarri, beti bultza. Entrenamenduetarako eta partidetarako taxilariak gurasoak dira.

Elkarrizketa bukatutzat eman dugu. Ordubete baino gehiago aritu gara hitz eta pitz. Kamera aurrean elkarrizketak eskaintzen ohituta dago, baina inoiz ez zuen ordubeteko elkarrizketarik eskaini. Badauka bai, zer kontatua. Ideiak ere oso argi ditu: korrontea kontra zuenean pilotan egin nahi zuela erabaki zuen eta ur lasterra bere alde datorren honetan frontoian gozatzea erabaki du.

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide