Albisteak
[ELKARRIZKETA] Vicente Davila: “Zestoa erakusten disfrutatzen dut gehien”
— 2018-08-08Askotan ikusi dugu Vicente Davila zestoarra lagun talde ezberdinei herriko txoko guztiak erakusten. Urteak daramatza Davilak gida turistiko lanetan, eta egun, duela hiru urte Iraurgi Berritzenek martxan jarritako “Ezkutuko Altxorrak” egitasmoaren baitan ere parte hartzen du.
Nola hasi zinen turismoaren munduan lanean?
Artearen historian lizentziatu nintzen. Lehenengo urteetan nire ikasketekin zerikusi zuzena zuten gaietan egin nuen lan baina bizitzeko nahikoa ez zela konturatu nintzen. Hori ikusita, dela 15 urte edo gehiago, Bainuetxean hasi nintzen lanean. Han, animazioko ekintzen arduraduna nintzen eta beranduago, bertako turistekin hasi nintzen lanean. Orain dela bost urte Bainuetxea utzi eta gida turistikoa izatea erabaki nuen.
Gaur egun, Loiola Bidaiak enpresarentzat egiten dut lan. Freelance moduan ere egiten aritzen naiz beste enpresa askorekin; Basque Experiences edota Basque in the World-ekin adibidez.
Gure inguruetan bakarrik egiten duzu lan?
Gauero nire etxera iristea gustatzen zait eta horregatik egiten dut lan hemen inguruan. Duela aste batzuk, Jesuiten unibertsitateen errektoreen kongresu bat egon zen Bilbon eta bi bisita egin nituen han. Loiolan bisita asko egiten ditut eta horregatik ezagutzen ninduten. Ez ditut kurrikulum asko bidaltzen, agentzia ezberdinen bitartez ezagutzen naute eta nire lana ondo baloratzen dute. Enpresak zuzenean nirekin jartzen dira kontaktuan, zorte handia dut.
Aurten ere Ezkutuko Altxorrak programan zabiltza gida lanetan, zertan datza egitasmoak?
Iraurgi Berritzenek hasitako iniziatiba da, Inaziotar Lurraldea programaren barruan dagoena. Jesus Mujika programaren zuzendariak nire lana ezagutzen zuen. Programa egiten hasi zirenean, Zestoa eta Aizarnazabal programaren barruan sartzea erabaki zuten gertuen dagoen gida naizenez, nik egitea erabaki zuten. Ezkutuko Altxorrakek Urola bailara osoa hartzen du, Aretxabaletatik hasi eta Zestoaraino.
Zenbat bisita egin dituzu orain arte?
Aurtengoa, programan nagoen hirugarren urtea da. Urtean lau bisita egiten ditut Aizarnazabalen, eta beste lau Zestoan.
Zer erakusten duzu Zestoan?
Inaziotar Lurraldea programa batez ere “ezezagunak” diren lekuak bisitatzeko diseinatutako ibilbidea da, aldi berean, San Inazioren figurarekin lotuta daudena. Zestoan, hainbat kasutan egiten diot erreferentzia santuari. Elizako erretaula nagusian bere irudia dagoela azaltzen diet bisitan parte hartzen dutenei. Iraetako Etxearen atzean San Inazio jartzen duen harri txiki dagoela ere kontatzen dut, ez dakigu ordea zergatik dagoen hor. Lasaon ere egon zen. Loiolatik alde egin ondoren behin bakarrik itzuli zen Azpeitira eta bidean Lasaotik pasa zen. Han, bere ahizpa bizi zen, auzoko jaunarekin ezkonduta zegoen. Gaua han pasa zuela uste da.
Honetaz gain, “nire Zestoa” erakustea gustatzen zait. Bisita ezberdina izaten da taldean zestoarrak baditut. Zestoarrak badira, beste datu mota batzuk ematen ditut eta kanpokoak badira, Bainuetxeko bezeroen kasuan bezala, herriaren identitatea eta ohiturak transmititzen saiatzen naiz.
Oraindik ba al dago aukerarik aurten Zestoa edo Aizarnazabaleko bisitetan parte hartzeko?
Aizarnazabaleko bisitak bukatu ditugu. Zestoan bai, azaroaren 11ean eta abenduaren 7an izango dira azken bisitak. Bisitetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Urola Erdiko turismo bulegoan 943 15 18 78 telefonora deituta.
Ezkutuko Altxorrak egitasmoa alde batera utziko dugu. Gutxi gora behera astean zenbat bisita egiten dituzu?
Ekaina eta uztaila lan askoko hilabeteak dira. Ekainean bi aste jarraian egin nituen lan, jai egunik gabe. Iraila eta urrian ere lan asko izaten dut. Bisitak erdaraz eta ingelesez egiten ditut. Zoritxarrez, jendeak, mota honetako bisitak ez ditu euskaraz kontratatzen. Ezkutuko Altxorraken kasuan, turismoari zuzendutako zerbait denez, normalean turistak ere etortzen dira eta bi hizkuntzak nahasten ditut.
Non gustatuko litzaizuke gida izatea?
Nagoen lekuan. Asko disfrutatzen dut Biarritz edo Donibane Lohizune erakusten, Gernika ere asko gustatzen zait.
Zein da gehien gustatzen zaizun lekua?
Zestoa erakusten disfrutatzen dut gehien. Zestoa eta gero, Gernikarekin gelditzen naiz. Asko duen herri bat da. Leku magikoa da. Bilbo eta Arantzazu ere asko gustatzen zaizkit.
Duela hilabete batzuk, New Yorkeko bikote bat ekarri nuen Ekainberrira. Luxuzko tourra kontratatuta zuten. Furgoneta pribatua eta gida izaten dute kontratatuta eta nik gomendatutako lekuak ikusteko aukera ematen diet. Ekainberriri buruz hitz egin nien eta asko interesatu zitzaien. Bisita eta ni oso pozik gelditu nintzen. Normalean, ordea, leku ezagunen bat bisitatzea eskatzen dute; San Juan de Gaztelugatxe, esaterako.
Zer da gida turistikoa izatearen onena?
Daukadan askatasuna. Nire denbora moldatzeko askatasuna ematen dit lan honek. Mundu osoko jendearekin kontaktuan nago egunero eta pertsona bezala oso aberasgarria iruditzen zait. Nire lekuaz maiteminduta nago eta asko disfrutatzen dut lan honekin. Turistek bezain beste gozatzen dut dut.
Batzuetan, jende “garrantzitsua” izaten dut bezero gisa. Bisitarien izenen zerrenda ematen didatenean askotan ez ditut izenak begiratzen, nahiago dut ez jakin. Gero, bisita amaitutakoan begiratzen ditut askotan eta batzuetan sorpresak hartzen ditut. Aurreko batean, Hillary Clintonen taldean lan egiten duen emakume bat bat izan nuen, ia New Yorkeko alkate izan zena.
Eta txarrena?
Gida izatea jendearekin kontaktuan egotea da. Batzuetan, egun guztia lanean egon ondoren, lagunekin zerbait hartzea gustatuko litzaidake baina egun guztia hitz egiten eman ondoren, nahiago dut liburu bat hartu eta erlaxatu. Nahiz eta egun txarra izan, ezin duzu aurpegi txarra jarri eta gainera ondo pasatzen ari zarenaren itxura eman behar duzu, kezkatzen zaituen hori ahaztuz. Ehuneko ehuna ematen saiatze naiz bisita guztietan.
Egin zaitez bazkide