Albisteak

“Emakume arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa inauguratu da Ekainberrin

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan, “Emakume arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa aurkeztu du Ekainberrin. Erakusketa Irungo Oiasso museoan egon da aurrez eta haren zati bat da orain Ekainberrin sarrera arruntarekin ikus daitekeena irailaren 15era bitartean.

Aurkezpeneko prentsaurrekoan, Maria Jose Telleria Kultura foru zuzendariak, Aizpea Goenaga erakusketako komisario eta Irungo Oiasso museoko zuzendariak, Eider Conde-Egia Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazio-arduradunak eta Juanjo Aramburu Ekainberriko kudeatzaileak hartu dute parte.

Arkeologia munduan aritu diren Gipuzkoako emakumeei errekonozimendua da erakusketa. Material asko bildu da eta arkeologoen aztarna kuttunenekin erakusketa osatzeaz gain, arkeologo hauei egindako elkarrizketa, argazki eta ikerketa lanen emaitzak biltzen dituen liburua ere argitaratu du Aranzadik.  Bideo bat ere egin da (albistearen barrenean zintzilik) genero ikuspegitik emakume hauen bizipenak kontatzen dituena, besteak beste. Bildutako material guztia ikerlarien eskura eta eskoletako programei begira ere eskuragarri jarri da.

Maria Jose Telleria Kultura foru zuzendariak eskerrak eman dizkie Aranzadiri eta Oiasso museoari egiten duten lanagatik. Bere esanetan, Gipuzkoako emakume arkeologoak izan ziren, besteak beste, Espainian arkeologia profesionala garatzen lagundu zutenak. Hala ere, nahiz eta balio handikoa izan, emakume arkeologo horien lana ez da oso ezaguna eta historikoki emakumeek zientziaren munduari egindako ekarpenak garrantzi handikoak izan diren arren, tamalez, lan hori ez da beti behar bezala aitortu. Beraz, emakume matematikari, biologo eta baita arkeologo handiak “ikusezin” bihurtu dira. “Erakusketa hau aukera paregabea da emakume horiek gure ondarearen ikerketan eta kontserbazioan izan duten funtsezko zereginari balioa emateko; baina, era berean, justizia-ekintza bat ere bada”.

Eider Conde-Egia Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazio-arduradunak eta erakusketari buruzko “Arkeologoak” liburuaren egileak azaldu duenez, bi urtez ikerketa lan izugarria egin dute, “erakusketan erakutsi ezin izan dugun eduki asko geneukan, eta, beraz, argitalpen bat egitea ezinbestekoa zen zintzilik geratu zen informazio guztia osatzeko. Liburu honek Gipuzkoako arkeologiari, horren diziplinei eta protagonistei buruzko edukia osatu eta gehitu nahi du, eta arkeologo guztiek erakusketan beren lekua izateko modu bat ere bada”. Liburu mardula Ekainberriko turismo bulegoan dago salgai 15 euroan.

Azkenik, erakusketako komisario Aizpea Goenagak esan du, erakusketak emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan duten garrantzia azpimarratzen duela eta azalpen-paneletan kontatzen dela arkeologiako sektore estrategikoetan sartzeko, integratzeko eta lider izateko prozesua. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologikoak daude, aukera bakar eta aparteko honetan ikus daitezkeenak.

Bideoa osorik:

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide