Albisteak

Emakume Langilearen Nazioarteko eguna dela eta, hainbat ekintza izango dira herrian

Martxoaren 8a da gaur, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna eta hori dela eta, hainbat ekintza izango dira gaur herrian. Arratsaldeko 18:30ean, Urola Erdiko Itaiak deituta elkarretaratzea egingo dute plazan, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean. Hala nola, emakumeen lan baldintzen okertzea eta hipersexualizazioaren eta indarkeria matxistaren normalizazioa salatuko dituzte. Horrez gain, alderdi politikoek feminismoarekiko duten jarrera ere salatuko dute.

Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Bargaztak, 3Z eta Zestoako Emakumeak taldeek deituta, manifestazioa izango da plazatik abiatuta. Herriko kaleak zeharkatu ostean, ekitaldia egingo dute plazan. “Urtero Martxoak 8an gure eskubideak defendatzeko emakumeon aliantza ospatzen dugu. Feminismoaren hariaz ehundutako sarea da gure arma. Horregatik, 19:00tan plazara etortzeko gonbidapena luzatzen dizugu, denon artean sare hau sendotzen jarraitu dezagun” azaldu dute antolatzaileek.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide