Albisteak

[ENBIDOA] Atenasko Champions final madarikatu hura

Horiek dituk oroitzapenak argazki hori ikusi nianean, Unai! Atzetik daukaan istoriotxoa kontatuko zioat jendeari.

Gogoratzen naiz nola organizatu genuen Atenasko bidaia Bartzelona-Milan Championseko finala ikusteko. Autoz joan ginen Bartzelonara, han goizez hegazkina hartzeko. Atenasera iritsi, bazkari eder bat egin, trago batzuk hartu, eta partidura joatea zen gure asmoa. Gixajuak, gu! Hegazkinak atzeratzen hasi ziren, baina guk lurrean jarraitzen genuen, eta, azkenerako, kezkatzen hasi ginen. Halako batean, hegazkinera igo ginen, baina ez zen ateratzen. Denbora luze batera, arduradun batek esan zigun hegazkina irtengo zela baina ezin zutela ziurtatu partidu ordurako iritsiko ginenik; ikusi egin behar gure aurpegiak hori entzutean. Kontuak kontu, iritsi ginen Atenasera. Autobus batean sartu, eta aurretik polizia genuela, semaforoak gorrian pasatuz futbol zelaira eraman gintuzten partidua hastear zegoela.

Geure buruari esan genion: “Hemendik aurrera, disfrutatzen hasiko gara!”. Baina ezta orduan ere. Garai hartan, Bartzelonari Eusko Barça deitzen zitzaion, taldean jokalari euskaldun asko zeudelako. Guk ikurrina eraman genuen, eta baita astindu ere! Halako batean, han dator Bartzelonako talde ultra horietako tipo bat guregana esanez ikurrina ezkutatzeko. Gutako batek zerbait esan, eta mutur joka hasi zitzaigun. Korrika atera ginen: bat alde batera, bestea bestera. Asko beldurtu ginen. Ia futbolik ez genuen ikusi, kezkatuta. Partidua bukatu baino lehen alde egitea erabaki genuen. Bartzelonak lau eta huts galdu zuen. Bidaiari probetxuzko zerbait ateratze aldera, afari eder bat egitea pentsatu genuen. Taxi bat hartu, eta ia ordubetean ibili gintuen Atenasen bueltaka jatetxe ziztrin batean bukatzeko. Handik aireportura, eta etxera. Neure buruari zin egin nion ez nintzela inoiz Championseko final batera joango.

Bukatzeko, Unai, hik badakik ni ez naizela bartzelonista, ipintzatarrak bezala, baizik eta argazkian agertzen naizen bezala, txikitatik, realekua. Enbidoa Alkorta taberna zenaren atzeko aldean aterata dagoen argazkiko Netzerri bota nahi diot. Lehen gurea zen tabernan, orain, hi habil nagusi! Abestiak dioen bezala: “Nola aldatzen diren gauzak”.

Eukeni Alkorta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide