Albisteak

[ENBIDOA] Begiradak

Ezin uka argazkiari begiratuta halako nostalgia puntu bat sentitu ez dudanik. Haurtzaroa etorri zait gogora, zenbat jolas, ilusio eta oroitzapen…Begirada hori sarri bidean galtzen dugu eta kosta egiten da aurkitzea. Ama izateak pixka bat berreskuratzen lagundu didala esango nuke eta haurrekin eta familiekin lana egiteak ere bai. Azken aldian baso eskolen proiektuan murgilduta nabil, naturak eskaintzen dituen onura agortezinak deskubrituz. Komunitatearen indarra eta auzolanaren garrantzia ezin aipatu gabe utzi proiektu honetan. Abiadura biziz doan egunerokoan gelditu eta ezinbestean begirada pausatzea dakar naturak, lasaitasuna haurrengan eta helduongan. Komunitatea aipatu dut eta hor gurera etorri direnekin komunikatzeko eta begirada zabaltzearen beharra sentitu ditut. Agian neu ere Zestoatik Zaldibira joatean horrelaxe sentitu naizelako ere izango da. Herri minez bizi izan naiz zenbait urtetan eta orain ere ezin uka asko akordatzen naizela Zestuataz, baina zerbait galtzen ari naizenaren sentimendua gainditu eta aurrera egitea lortu dut edo horretan saiatzen ari naiz. Bidean jende zoragarriarekin topatu naizelako ere izango da. Lagun batek behin hala esan zidan: Margari, zure herria ez da Zestua edo Zaldibia, zure herria jendea da, harremanak. Zer pentsatua eman zidan, beti pentsatu izan dudalako norbere herriak halako babes bat ematen duela, Zestuan beti ondo sentitzen bainaiz, etxean bezala. Beste herri batera zoazenean, dena da berria eta kosta egiten da ohitzea, onartua sentitzea…eta zer esanik ez herri txikietan. Baina begirada aldatuta, herri berria ere nire etxea sentitzea lortu dut.

Eta adinarena aipatzen dukenez, zer esango diat ba, horri esker ari naukela gauza asko ikasten, motxila hustutzen eta beste modu batean begiratzen, barrurako begirada hori lantzen. Aldaketak onerako izaten direla pentsatu eta aurrera. Niri bizitza aldatu zaidak, herriz aldatu, lanez aldatu eta ama izatean, baina barne begiradari esker, neure herrian sentitzen nauk eta maite ditudanekin inguratuta ere bai.

Begirada pixka bat luzatuta kanpotik gurera etorri diren hainbat eta hainbat familia datozkit gogora, zer esango ote du Nadia Kerdik bere herriaz, gutaz, nola ote dago bere motxila, begirada…

Margari Eizagirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide