Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Orain dela lau urte etorri nintzen Iraetara bizitzera Donostiatik. Hori baino lehen, 2018an, Bilbotik Donostiara joan nintzen bizitzera. Donostian ezagutu nuen Vanessa, nire bikotekidea, eta elkarbizitza hasteko aukeratu genuen Zestoa. Herri txikiko bizitza ez da ezezaguna niretzat, txikitan hainbat uda pasa bainituen Armintzan, eta horregatik badakit zein zaila izan daitekeen auzo txiki batean integratzea.
Nire kasuan, iretarrek 10eko ongietorria egin zidaten. Gogoratzen dut Iraetan bizitzen jarri ginenean txakur bat hartu genuela, eta horrexegatik auzoko “txakur kuadrillan” sartu ginen. Horrez gain, posible zen saltsa guztietan sartu nintzen (Auzo Elkartean, Baratzako parkean eta futbol taldeko zuzendaritzan). Horrek auzoan integratzea erraztu zuen, jende asko ezagutu nuelako, tartean Zestoako beste auzoetan bizi den jendea ere.
Niretzat aspektu zailena hizkuntza zen. Bilbon umea nintzenean euskara ez zen apenas hitz egiten kalean, eta nire maila baxua zen. Gainera, euskalkia ez da ulertzeko errazena batua soilik ikasi duen batentzat. Jendea konturatzean kostatzen zaidala, ordea, egoera errazten dute motelago hitz eginez. Hemen, bide batez, inguruan dauden erdaldunak euskaraz hitz egitera probatzera animatu nahiko nituzke.
Etorri nintzenetik gehien liluratu nauen gauzetako bat Zestoako historia da. Harrigarria da nola halako herri txiki batek izan ditzakeen hainbeste gertaera: prehistorian Ekain kobazuloarekin, Erdi Aroan Lili jauregiarekin, alde zaharreko plazarekin, bainuetxearen urrezko aroa XIX. eta XX. mendeetan, eta azken 50 urteko kirol kultura eta beste kultura taldeak. Ez daude 3.000 biztanleko herri asko horrenbeste elkarte dituztela esan dezaketenak.
Niretzat ezagunena futbol taldea da, eta aurtengoa urte oso berezia da, 50. urteurrena delako. Horregatik, nire enbidoa futbol taldeko hasierako urteetatik dabilen pertsona bati bidaliko diot, Antselmo Astiazarani. Antxel, kontaiguzu mesedez, nolakoak izan ziren klubeko hasierako urteak eta gauzak zerotik sortzea? Zenbat jendek hasi zuen abentura hau?
Jon Mikel Olmos