Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Aupa Alfon!!! Niretzat ere pasatu dira urte batzuk Zestoara lehen aldiz etorri nintzenetik, 1999an hain zuzen ere, nahiz eta lehenago ere tarteka gurasoekin etortzen nintzen. Eta dudan oroitzapenetako bat plazan zegoen gozotegia, harritzekoa!!!
Hasiera batean, Zestoara etortzeko arrazoia futbolean jokatzea zen. Bertan, kuadrillako Aitor, atezaina, eta hainbat lagun nituen. Egia esan, urte haietan futbol zelaiaren kokapena zela eta jende ugari etortzen zen partidak ikustera eta sekulako giroa egoten zen. Nire kuadrillako zenbait, futbola gustatzen ez zitzaienak ere, etortzen ziren ondo pasatzen zutelako giroarekin.
Zestoan hasiera-hasieratik oso gustura sentitu naiz, egia esan futbolean saiatze ginen gauzak ahalik eta ondoen egiten, baina baita partida ondorengo afariak-eta antolatzen ere. Lagun talde polita genuen eta oso ondo konpontzen ginen. Egoera horrek asko errazten zuen kalean jendea ezagutu eta harreman berriak egiteko.
Kontuak kontu, 26 urte beranduago hemen jarraitzen dut, ezkondua eta 2 alabarekin. Lagun batzuek esaten zidaten “Zestura al hijue bizitzea!!!” . Egia esan, ni oso gustura bizi naiz eta herri txikia izateak baditu bere abantailak (lasaitasuna, dena gertu…), nahiz eta desabantailak ere eduki. Niretzako handienak zenbait denda (bizikleta, optika…) eta gaztetatik kirol ezberdinak egiteko (igeriketa, tenisa…) kanpora joan beharra dira, beti kotxearen edo autobusaren mende egon beharra. Baina egia da, baita ere, denden kontua leku guztietan gertatzen ari dela, erosketa ohituren aldaketa dela medio. Eta ulertzen dut herri txikia izanda instalakuntzak hobetzeko edo berriekin osatzeko zailtasun handiagoak edukitzea eta denbora gehiago behar izatea, baina nik bi alaba izanda, garrantzitsua ikusten dut.
Bestalde, zestoartuta nagoela adierazten duen beste seinale bat, Alfon, eta handia, Azpeitiko elkartea laga eta Zestoan Gure Txokoan sartzea izan da. Ondo ezagutzen dudan elkartea, futboleko makina bat afari prestatu zizkigun Gontxalok!!!
Eta herri aldaketa kontutan hartuta, Gaizka Kortadi etorri zait burura. Ze sentsazio oporrak etxe aldetik eta bizitza kanpoan eginda, Gaizka? Gainera, garai hartako futbol kontuei helduaz, hurrengo urtean duk hire golari esker 3. mailara igo gineneko 25. urteurrena. Ze oroitzapen dituk?
Josu Arrue