Albisteak

[ENBIDOA] Musikari buruzko gogoetak

Musikari lotutako zenbat istorio ote daramatzadan nire bizitzako motxilan, txiki-txikitatik hasi eta orain arteko hainbat eta hainbat momentu eder.

Nola ahaztuko ditut, bada, panderoko irakasle nintzeneko garai haiek. Haur talde ederrak nituen ikasle, haien artean enbidoa luzatu didan Alejo Orbegozo bera ere bai. Gure eguneroko lagun ziren barre nahiz tarteka baita haserreak ere, baina, haur haiek panderoa jotzeko orduan jartzen zuten gogoak pena merezi zuen, ederki asko astintzen baitzuten.

Nire lehengusu Joseba Illarramendirekin ere hainbat herri girotzen ibilitakoa naiz, hasera batean trikitia joaz eta gerora beste hainbat lagunekin batera LIN TON TAUN taldean. Txikitatik izan dut musikarako zaletasuna eta urte askotan musikari lotutako hainbat ekintzatan parte hartu dut. Gaur egun ere ezin hautsi musikarekiko lotura hori eta Ian semeari panderoa erakusten hasia naiz, konfinamenduak ekarri dituen ondorioak tarteko.

Alejo Orbegozori erantzunez, hiltzen naizen artean izango da musikari lotutako sua nire barnean, batzuetan garra gehiagoz eta bestetan gutxiagoz baina beti iraungo du suak piztua.

Azpeitian badugu San Agustin kultur gunea, nire ustez azken urteetan herrian egin den gauzarik ederrenetakoa. Bertara kontzertuetara gerturatzean, su hori berehala pizten zait.

Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi Zestoan azken urteetan sortu diren taldeak, beraien artean Grises, Rodeo, Polybiu, Ankhar…. Badugu benetako harrobia musika munduan Zestoan.

Besterik gabe nire enbidoa Unai Lizaso Ipintzari bota nahiko nioke. Nola gogoratzen dituzu Azpeitiko Oker tabernan larunbat gaueko parranda eta musika onaren arteko momentu haiek?

Jon Rezabal “Munatxo”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide