Albisteak

[ENBIDOA] Rosa Artola: Oroitzapenak

Marije, hire enbidoa jaso nuenetik pasa ditun egun batzuk eta dagoeneko beste urte bat hasten ari gaitun; beraz, lehenik eta behin, Urte berri on denoi!

Enbidoa niri zetorkidala ikusi nuenean, zer pentsatu ez nekiela geratu nindunan, ez ninan espero.

Oso oroitzapen politak ditinat ume eta gaztetxo ginenekoak, hurbileko auzoak baikinen. Hire familia gogoan dinat: amama Maria, aita Roman, ama Antoni eta gainontzekoak. Hamahiru bat urte arteko kontuak ditun horiek; bakoitzak geure bideari ekin genion arte.

Zestoan ikasketak amaitu eta artean lanean hasteko azkartxo ote zen, eta orduantxe hasi zunan Urolako Mankomunitatea, ikasketak jarraitu ahal izateko, zenbait erraztasun ipintzen bailaran; besteak beste, garraioa Azpeitira joateko. Hori aprobetxatuta hasi nindunan Azpeitira, “pixka bat gehiago ikastera”.

Hemen aipatu nahi niken Mankomunitatearen barruan Karlos Unanue herritarrak, bailarako ikuspegian oinarrituta, egindako lana. Lan horri esker, Zestoa eta Azpeitia hurbildu zizkinan, eta garai hartan hori gure modukoentzat gauza handia izan zunan, nahiz eta gaur egun oso gauza txikia iruditu.

Baina horiek aspaldiko kontuak ditun, eta, gaur egunera etorrita, hik galdetzen dun ea zer iruditzen zaidan Urola ibaia egokitzea igerilekua moldatzeko. Pentsatuko dunan bezala, niri ondo iruditzen zaidan inguru hori egokitzea aisialdirako. Baina hortik aurrera ekarpen gutxi egingo dinat gai horretan. Nire ohituretan, gehien bat, lehorrekoa izan naun gainera; mendirako eta baserrirako joera eduki izan dinat, garai batean behintzat. Beraz ura orkatilatik behera, badaezpada ere. Iruditzen zaidan diruak herri handietarako erabiltzen dituztela, eta Zestoa moduko herri txikietara gutxi bideratzen dutela. Baina eskatzea eta horretan saiatzea libre dun.

Ez dakit Marijeren galderak argitu ditudan, baina amaierara iritsi naiz eta hurrengo enbidoa berriz, Zestoako AEKn lagun egin nuen Bego Arregiri bidaltzen diot: Ondo hasi al duzue urtea Ibañarrieta aldean? Zer liburu darabiltzazu esku artean?

Rosa Artola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide