Albisteak
[ENBIDOA] Urtea ondo hasten
— 2024-02-24Mikel, ya te vale! Hau zertarako da, urtea hobeto hasteko? Gaztetxearen inguruan hitz egiteko eskatu didazu; ba, laster zer etorriko den ikusita, nahiko lan izango dugu urtea ondo hasten… Izan ere, zuk, Mikel, ondo dakizun bezala, urtarrilaren 24an herriko bi gazte epaituko dituzte Azpeitian gaztetxearen lekualdatzeko prozesuaren harira, eta han zehaztuko da gaztetxearen desalojo eguna bera ere.
Zuek, irakurleok, lerro hauek irakurtzerako, epaiketa eguna pasata izango da jada (urtarrilaren 12an nabil ni hau idazten, oraindik epaiketarako 2 aste falta direnean), eta ezaguna ziurrenik gaztetxearen desalojo eguna ere. Azken 11 hilabeteak eraikinaren barruan egon ondoren, kosta egiten zait berriz ere asanblada handik kanpo imajinatzea. Izan ere, zentroko eraikinak aukera berri ugari ireki dizkio asanbladari (nork esango zuen aldi berean bi ekintza desberdin egin zitezkeela gaztetxe berean!), eta etor litezkeen aukera berriekin ere amestu dugu askok. Batzuek antzerki zein zine emanaldiekin amesten zuten, beste batzuek, aurreko enbidoan aipatu bezala, elikagai biltegia bertan txukun jartzearekin, eta beste askok beheko aretoa ondo egokitu eta kontzertuak eskaintzeko leku txukun bat izatearekin. Duela pare bat hilabete ere aipatzen zuen Alejo Orbegozok Danbolineko elkarrizketan bertan ostiralero kontzertuak ikustea gustatuko litzaiokeela, eta ziur nago beste asko ere gustura asko etorriko zirela gauza bera egitera. Are gehiago kontuan izanda zenbat musika talde eta musikazale ditugun Zestoan, eta ahaztu gabe gaztetxearekin elkarlanean ibili den Fundizioko musika elkarte bat ere badugula. Tristea izango litzateke herriari horrenbeste aukera ireki diezazkiokeen espazio bat berriz ere hutsik ikustea.
Eta musikari bueltaka nabilela, hurrengo enbidoa gaztetxeko areto horretan bertan duela bi hilabete inguru jo zuen Mikel Illaramendiri bidaliko diot. Rodeorekin deskantsua hartu duzuen honetan, denbora pixka bat izango duzu zerbait idazteko, ezta? Edo musikarekin bueltaka zabiltza zu ere oraindik?
Hiart Alberdi
Egin zaitez bazkide