Paperekoa

[ENBIDOA] Zestoa herri maitagarria

Ai bai! Hau bai sorpresa eman diakena Ipintza. Ikusten dit azkena ikusi gineneko 20 minutu haiek buruan ondo gordeta ditukela. Izan ere, hainbat urtetan elkar ikusi gabe egon arren, Donostiako Aste Nagusiko gauetako batean, trenean elkarrekin topo egin eta lasai asko hitz egiten hasi gintuan, Zestoako hainbat altxorrez. Zenbat anekdota aipatu genitian denbora labur horretan eta zenbat barre bota… Hire enbidoa letuta ere, konklusio berdinera iristen nauk, zorte handia dugula bizi garen herrian bizitzeaz.

Enbidoan komentatzen deken bezala, gure adineko mutil gehiengoa bezala, gaztaroan kirolak mugitzen gintian, urtean zehar futbola, beheko Zubimusu zelaian. Udaran, aldiz, hain ezagun eta berezi diren pelotako txokoko txapelketa, eta, azken urteetan egin ez arren, palako txapelketak ere bizia eman izan die herriari eta herritarrei.

Kirol horiek asko hurbiltzen gintuzten garai hartan, kirol horiek egiten zituzten gazteekin eta, distantziatik, guretzat erreferente eta idolo batzuk ziren. Ez naiz ausartuko izen batzuk ematera, bestela baten bat haserretuko zait. Denborarekin, eta gu heltzen joan ahala, gaztaroko
idoloekin gauzak bizitzeko aukera izan dugu, neurri handi batean gure herriak ematen digun gertutasunagatik. Suerte handi bat da hori,
gaztetako idoloak lagun bihurtzea.

Urte batzuk pasa ondoren, Mollergi Tabernan lana egiteko suertea izan nuen eta han herriko beste aspektu batzuk ikusi eta bizi izan nituen. Gauza asko ikasi eta gustatu zitzaizkidan, esaterako, jendearen gertutasuna, eskuzabaltasuna, herriak duen bizia, ekintza txiki zein handi antolatzean herriak ematen duen erantzuna. Herri emankorra dugu eta nire ustetan, zaintzen eta bizia ematen jarraitu behar dugu herritar guztiok bizi eta gozatu dezagun dugun suerteaz.

Amaitzeko, oraingoan hitza estimu handia diodan emakume handi bati pasatuko diot. Ea Lurdes Arrizabalaga, konta iezaguzu herri polit honek zure bizitzan zehar emandakoen eta bizi izan dituzun zenbait bizipenen berri. Laster elkar ikusiko dugulakoan, besarkada eta muxu handi bat!

Adonis Gelis




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide