Albisteak

Eraso matxistei erantzun eta babesa eskaintzeko telefono zenbakia jarriko du martxan Itaiak

Festei begira, Itaiatik eraso matxisten aurkako protokoloa jarriko dute martxan, hilaren 31n honen aurkezpena izango da Alonderoko aretoan. Eraso bat jasan duen edo eraso baten lekukoa izan den edonorentzat izango da telefono zenbakia erabilgarri festetan.

Itaiaren esanetan “azken aldian indarkeri matxistaren joera gorakorra izateaz gain, forma berriak hartzen ari da, honen adibide izanik Euskal Herriko txoko ugaritan eman diren ziztada bidezko erasoak”. Jai giroak “emakumeenganako erasoak areagotu eta hauek normalizatzeko testuingurua sortzen duela” azaldu dute, honela “sozializatzeko espazioetan babesgabe sentituz edo zuzenean kanporatuak izanik”. Honen aurrean, “instituzioek indarkeri matxistari bere osotasunean erantzuteko duten ezintasuna” seinalatu dute.

Hau ikusita, festak gainean izanik, Itaiatik indarkeria matxistari erantzungo dion asanblada sortu dute, helburua arazoa osotasunean gainditzeko bitartekoak sortzea izanik. Asanblada honek abiapuntua irailak 3, 4, 7, 8, 9, 10 eta 11n izango diren herriko jaietan izango du. Bertan, protokolo bat oinarrian duen telefono mugikorraren zerbitzua eskainiko dugu. Honi esker, erasoren bat pairatu duen edo erasoren baten lekukoa izan denari arreta bermatuko zaio, 688 689 370 zenbakira deitutakoan.

Azkenik, asanbladako kideek protokoloaren berri emateko abuztuaren 31n arratsaldeko 19:00etan izango den aurkezpenera bertaratzeko deia luzatzen dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide