Albisteak
Eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu du Itaiak
— 2022-09-01Bi urteko etenaren ondoren, bueltan dira festak. Ohi bezala, aurten ere txosnagunea izango da Laranjadi plazan, eta Itaiak eraso matxisten aurkako protokoloa ezarriko du bertan. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten protokoloa Alonderon, eta jende ugari bertaratu zen.
Itaiako kideek azaldu duten festetan erasoen gorakada “nabarmena” izan dela eta eraso guzti horiei erantzuna emateko asmoz, indarkeria matxistaren aurkako asanblada sortu dute. Jai giroak emakumeenganako erasoak areagotu eta hauek normalizatzeko testuingurua sortzen duela azaldu zuten. Bestalde, eraso modu berrien sorreraren eta hedapenaren lekuko izaten ari garela ere nabarmendu zuten, ziztadak kasu.
Indarkeria matxistaren aurkako asanbladak garatu du atzo aurkeztu zuten protokoloa. Protokoloaren helburua erasotuari “momentuko” eta “ondorengo babesa nahiz aholkularitza eskaintzea” da. Horretarako, 688 689 370 telefonoa izango dute martxan irailaren 3,4,7,8,9,10,11n, 24 orduz. Telefono horretan erasoren bat pairatu duen edo erasoren baten lekukoa izan denari arreta bermatuko zaio.
Egin zaitez bazkide