Erlijioak izan duen eragina gizartean

 

Frankismoaren zentsurak galarazita  zituen liburuak  irakurri ondoren hasi nintzen kristautasunaren  arauak  zalantzan jartzen, geroztik gai honetaz  irakurtzeko beti izan dut zaletasuna. Dena den gaur egun ere zalantza berak ditudala esan beharra daukat.

Askok  esaten dute, kristautasunak onura handiak ekarri dizkiola  gizarteari, baina bestelakoak ere entzuten dira. Antzinako kultur  anitzak  desegin eta zientziak atzera egiten lagundu duela  esaten du adibidez Hans Harms filosofariak egunkari batean (El redil de los Dogmas, Diario Vasco, 2018-01-08).

Erromako Teodosio Enperadoreak 380.urte inguruan  kristautasuna erlijio bakarra inposatu  zuen bere inperioan;  ondorioa jakina da,  paganismoak zuen erlijio aniztasuna desagertzen  joan zen.  Helburua paganismoak zituen kultura anitzak baztertzea omen zen.

Erlijio bakar hau inposatzeak eragin gogorrak ekarri  zituen ondorengo gizaldietan. Legedi hau ezarri  aurretik badirudi aniztasun handia zegoela irakaskuntzan ere: zientzia, artea eta abar. Honen eraginez VI. gizaldian   eskola erlijiosoak bakarrik gelditu  ziren eta ,   Kristautasunari   begira  bakarrik   erakusten zuten berauek. Bestalde  hari honetatik ez zegoen inoiz  ihes egiterik.  Ondorioz  zientzia, artea  eta kulturak atzerapen handia jasan omen zuten. Hirietako eskola publikorik ezean, jakinduria guztia  monasterioko elizgizonen esku gelditu zen eta liburu asko sutan erre ere bai.

Ondorengo gizaldietan   zientzia oso gutxi aurreratu zen,  Erdi Aroan sartu arte. Orduan hasi zen   berriro  mugitzen, baina  oztopo handiekin hasi ere. Denok dakigu Galileo-Galilei nola zigortu zuten mundua  eguzkiaren bueltan zebilela esan zuelako.

Inkisizioak legedia zorrotzak ezarri zituen garaiak ere badira, eta  urrutira joan gabe ezagutzen ditugu honen eraginak: Zugarramurdiko sorginen ehiza, esaterako. Epaiketa zorrotzak izan ziren hemengo sorginkeriak zirela eta,  umeen adierazpenak nahiko  izaten ziren erruduntzat jotzeko. Batzuk libre geratu ziren epaiketan  damutu  zirela esan zutelako, baina damurik erakutsi ez zutenak sutan bizirik erre zituzten. Gogorra benetan.

Hain atzera joan gabe ere ikusi ditugu kasu bat baino gehiago ulertzen zailak direnak. Hautako bat Charles Darwinena dugu: espezieen  eboluzioaren teoria atera zuenekoa alegia. Teoria honek animalien eboluzioa nola gertatzen den erakusten du eta erlijioak zentsuratu egin zuen, ahalegin guztiak egin zituen teoria hau ez argitaratzeko. Egun teoria hau onartua dago mundu zabalean.

Zientziarena gaitz-erdi,  gogorragoak izan dira  kristautasuna inposatzeko Aita Santuak antolatu zituen  “gurutzadak”.   X. gizaldi inguruan lehena, guda hauek Jerusalengo  lur Santuak bereganatu eta kristautasuna ezartzea zuten helburu.

Amaitzeko esan behar, askotan egiten dugun akatsa dela, pertsona edo egoera bat kritikatzerakoan  lehenik alderdi zatarrak agerian jartzea. Nik ere horixe egin dut idatzi honetan.

Badakit ordea   2000 urte dituen  instituzio honek  ez duela iraun inposatu dituen arau hauengatik. Erakargarria eta onurarik gabea izanez gero ez baitzen gaur egunera iritsiko. Dena den idatzi honetan denak ezin dira aipatu eta onura hauek beste baterako utziko ditut.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide