Erloju honek izan duen eragina nire bizitzan

Nik ez dut abilezia handirik kamara aurrean hitz-egiteko, baina  erloju honekin bideo txiki bat egin, data batzuk azaldu eta   berarekin izan ditudan  hartu-emanak agerian jartzeko gogoa nuen Aizarnara  begira dagoen orrian jasotzeko.

Askotan entzundakoa naiz mendi tontor honetako  kanpaiaren taupadak, dorrean zeuden erlojuek garrantzi handia zuten nire gazte garaian, bai kaskoan bizi zen jendearentzat eta gehiago oraindik  mendian edo basoan lan egiten zuenarentzat.

Ni jaio nintzen  baserritik  aurrez-aurre kokatuta dago  ermita hau eta bertako kanpaiaren danbatekoak asko  neurtu zituen nire egitekoak, lanari utzi eta etxera joateko garaian batik bat.

Badira urte batzuk  erloju hau birmoldatu eta harriak automatiko jaso eta kanpaiak motor baten bitartez jotzen dituela. Oraindik gogoan dut Erramon “Legoia” zenbat aldiz pasatu zen gure baserri ataritik erlojua zaintzera. Lan bikaina egin zuten gainera erloju honekin, zainketa honi esker dago bizirik  gaur egun.

Badira urte bat edo beste tximistak tresneria elektrikoa hondatu eta geldirik zegoela, orain  Yeregi Elkarteak bultzatuta Lasaoko gela batean ari gara talde bat berau errekuperatzen.

Oraingo berrikuntzan, harriak berak jasotzeaz gain  beste aurrerapen batzuk ere izango ditu: esaterako, erlojuaren aurreratze edo atzeratzeak  automatikoki kontrolatuko ditu aurrerantz,  beraz ordu fidagarria izango du   hemendik aurrera.
Oraingo berrikuntzaren barruan sartzen da  kristalezko kutxa batean kokatzea ere, ermitara igotzen den edonork berarekin gozatzeko aukera izan dezan. Xarma duen ondarea izanik, merezitako berrikuntza da niretzako.

Egin klik behean bideoa ikusteko

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide